Ostegunetik ospitale guneko sukaldeek kudeaketa publikoa izanen dute

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 30a, 11:17

140 profesional ariko dira lanean. Bertako produktuak eta freskoak gailenduko dira. Osasunbideak urtero 6,9 milioi euro inbertituko ditu "otorduak kalitatez gaixoengana iristeko". 

Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeen kudeaketa  publiko izanen da ostegunetik aurrera. Gaur eta bihar trantsizio egunak izanen dira eta Mediterranea de Catering enpresak utzi eginen du orain arteko jarduna.

Horrekin batera, enpresa horretako langileak kalean geldituko dira. Osasunbideak ezin ditu beregain hartu, legez, Mediterranea de Catering-en ardura beharko luke izan.

Osasun kontseilaria Fernando Dominguez izan da parlamentuko batzordean azalpenak ematen.

Lehen hitzak, gaixo dagoenari ematen zaion janariaren kalitateak duen garrantziari eskaini dizkio. Menua, tratamenduaren parte bat da eta zaindu beharrekoa. Orain arte, enpresa pribatuaren esku ez da hori gailendu, xede ekonomizistagoak izan direlako lehentasun.

Fernando Dominguez, sukaldeez1

Otorduen bide osoaren kudeaketa izanen du Osasunbideak: elikagaiak erosi, garraioa, kozinatzea, banatzea eta garbiketa.

Joan den maiatzaren 9ra arte zegoen aukera enpresek euren eskaintzak egiteko Ospitale Guneko sukaldeen kudeaketa egin zezaten, baina, ez zuen inork bere proposamenik aurkeztu. Hori gerta zitekeela aurreikusita Osasunbideak dagoeneko badu egoeraren diagnostikoa eginda eta beharrezkoak diren aldaketak identifikatuak: beharrak, aportazioak, ekipamendua, garraiorako rentinga…

Fernando Dominguez, sukaldeez2

140 profesional kontratatuko dituzte sukaldeetako zerbitzua eskaini ahal izateko. 2016tik gainera lanean ari dira lau sukaldari ezagutu dezaten aldaketaren aurretik nola egiten den lan eta ezagutzeko prestatuko diren 175 menu desberdinak.

Elikagaien erosketan, prezioa baino kalitatea, gertutasuna eta freskotasuna hartuko dira kontuan. Hotz sistema erabiliko dute kozinatutako produktuak ez dezan galdu propietaterik.

Urtero zenbateko inbertsioa ere aurreikusi dute: 6,9 milioi euro izanen dira.

UPN eta PSN kezkatuta

UPNren eskaeragatik joan da Dominguez sukaldeen inguruko azalpenak ematera. Leporatu dio Sergio Sayasek Kontuen Ganberak aurreikusitakoa baino garestiagoa aterako zaiola Osasunbideari, bi milioi euro garestiagoa. Lanik gabe geratuko direnak kontuan ez dituztela hartzen nabarmendu du.

Alderdi sozialistak autokritika egin du. Baina era berean sututa hitz egin du Maria Txibitek. 2011ko prozesua ez zen egokia izan baina oraingo Gobernuaren interesak ez dira bakarrik elikagaien kaliatearekin lotzen. Ez da bermerik eskaintzen, uste du.

Gobernua babesten duten alderdien artean kudeaketa eskuz aldatzearen aukeraren alde. 

Gogoratu dute Mediterranea de Catering enpresarekin sei hilabetean hiru mila kexatik goiti izan zituztela, otorduak jan ere ezin zirelako egin. Gaixo askoren senitartekoek oraindik ere segitzen diete ospitalera etxetik janaria eramaten. Langileak kalean geratuko direla onartu dute lau alderdiek, baina, enpresa pribatuaren ardura da. Prozedura gardena izan dela nabarmendu dute, ez aurrekoan gertatu zen bezala. 

Osasunbideak berriro eskuratuko du Nafarroako Ospitale Guneko elikadura zerbitzua, medio propioekin, UPNk pribatizatu zuenetik lau urtera. Eskainiko dituzten plateren kalitatea frogatu dute, gaixoen berreskuratze prozesuan lagungarriak izan daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!