Jaione Karrera: "Tortura kasuengatik zazpi polizik deklaratu dute baina ia ez dute azalpenik eman"

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 23a, 14:32

Espainiako Poliziaren zazpi agentek epailearen aurrean deklaratu dute Ander Maeztu txantrearraren tortura salaketen ondorioz. "Ukatu egin dituzte torturak eta epaileak azalpen gutxi gehiago eskatu dizkie", esan du Karrera abokatuak.

“Azalpen gutxi eman dituzte”, nabarmendu du Jaione Karrerak. "Epailearen jarrera ez da batere bultzatzailea izan behar bezala ikertzeko tortura salaketa", gaineratu du. Euskalerria Irratiko albistegian hitz egin du Karrerak gaur deklaratu baitute Madrilgo Auzitegi Nazionalean Espainiako Poliziaren zazpi agentek tortura salaketa bat tarteko. Ander Maezturen salaketengatik pasa behar izan dira epailearen aurretik. Dena dela, Karrera kexu azaldu da "deklarazio oso mugatua" izan delako. Epaileak poliziei galdetu dien bakarra da ia zergatik deklaratu beharra zuten eta abokatuaren galderei ez diete erantzun nahi izan, esan du Karrerak. 

"Mehatxu, irain, tratu txar edo torturak ikusi edo bultzatu ote zituzten galdetu diete zazpiei eta guztiek ukatu egin dituzte. Ez die deus gehiago galdetu", esan du. Diligentziak egon ote ziren edo nola egon zen atxilotua ere ez du jakin nahi izan epaileak, ez die halakorik galdetu behintzat. "Konstantzia badago, parte mediku batean, espetxeko medikuaren txosten batean ukondoan kolpe handia zuela Maeztuk, baina, hori argitzeko ere ez diote deus galdetu".

Auzi hau artxibatu eta berrireki dute hiru aldiz. Polizien deklarazioa hartu dute gaur eta Ander Maezturen medikuaren auzi txostena falta da. Ondoren, epaileak zein jarrera hartzen duen ikusi beharko da.

5.657 euskal herritarrek salatu dituzte torturak

Atxilotu ostean edo espetxean zirela polizien eskuetan izandakoak kontatu eta salatu dituzte behin eta berriz. Gutxi ikertu dira, edo ia batere ez. 

2010ean atxilotu zuten Maeztu eta lau egunez izan zen inkomunikatua. Segi gazte erakundeko kidea izatea leporatu zioten, eta garai horretarako Segi erakundea legez kanpokotzat joa zuten ETArekin zuen harremanagatik. Maezturekin batera beste 27 kide ere izan ziren atxilotuak, Segi edo Ekineko kide izatea leporatuta. 28ak libre! Eskaerak iraun zuen luze. Angela Murillo izan zen euren epailea. 2014an deklaratu zuten. Torturak salatu zituzten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!