"Duintasunez" bete nahi dute martxek Madril maiatzaren 27an

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 23a, 12:05

Ogia, lana, etxebizitza eta duintasuna leloa ardatz, "herri boterea" eraikitzearen aldeko aldarria zabaldu du 'Duintasun Martxa'-k. Nafarroatik "ehunka" lagun joanen direla aurreikusi dute.

Langile klaseak "langabezia, prekarietatea, txirotasuna eta indarkeria" pairatzen dituela eta horrek bereziki "gazteei, emakumeei, migratzaileei eta errefuxiatuei" eragiten diela salatu du Nafarroako 'Duintasun Martxak'. Horregatik, maiatzaren 27an Madrilera joateko deia zabaldu du: "ehunka" lagun aterako dira Nafarroatik, Espainiako Estatuko hiriburuan antolatutako mobilizaziora heltzeko, Ogia, lana, etxebizitza eta duintasuna lelopean. 

Kapitalismoa eta patriarkatua

Langile klasearen zapalkuntzaz gaindi, generoen arteko eskubide berdintasuna hartu dute hizpide, sistema patriarkalak gizartea "iraganeko garaietan" kateatzen duela esanez. 

"Bidezko protestaren bidez, kapitalismoak bere burua arriskuan ikusten du eta errepresioarekin, klase sindikalismoaren kriminalizazioarekin eta demokraziaren kontra egiten duten legeekin agintzen du, Mozal Legearekin esaterako", adierazi du Javier de Miguelek, 'Duintasun Martxaren' izenean.

Herri boterearen eraikuntza

Erregimena. Horra aitatu duten beste zutabeetako bat; ustelkeriak "ustelduta" dago, salatu dutenez. 

Horren aurrean, "herri boterea" sortzea dute aldarri. "Herri botereak urrats sendoak eskatzen ditu, ezin direnak limurtu Trantsizio garaian horren garesti ordaindu genituen sirena kantuengatik eta, egun, Europar Batasunaren garaian, sekula baino gezurtiagoak direnak".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!