NUPek 22 titulu bereki eskainiko ditu 2017-2018 ikasturtean

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 23a, 08:24

Horietatik bost lehenengo aldiz emangen ditu. Espezialitate berri horietan landuko dira, esaterako, sexu-heziketa, bideo-jokoak, osasunaren sustapena, eta espainiera eta turismoa 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak master, espezializazio-diploma, unibertsitateko aditu titulu eta unibertsitate-hedapeneko diplomaren 22 titulu bereki eskainiko ditu osotara 2017-2018 ikasturterako. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi du eskaintza, eta bost titulu berri ditu. Horietako bi graduari lotuta eta profesionalei bideratuta daude: Espezializazio Diploma Sexu Hezkuntzan eta Unibertsitateko Aditua Agroekologian eta Landa Garapenean; eta hirugarren bat, berriz, graduari lotuta soilik: Titulu Berekia Bideo Jokoen eta Errealitate Birtualeko Aplikazioen Garapenean. Eskaintza berria osatzen dute Unibertsitateko Aditua Osasunaren Sustapenean eta Masterra Espainieran. Marketina eta turismoa tituluek, eta azken hori Txinako ikasleei zuzenduta dago espezifikoki. Edukiari, matrikulatzeko epeari edo titulu bakoitzeko eskolak hasten diren egunari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.

Honako hauek dira datorren ikasturteko gainerako titulu berekiak: Masterra Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzan; Unibertsitateko Aditua Datuen Zientzian eta “Business Intelligence”rako “Big Data”n; Unibertsitateko Aditua Esku-hartze Sozialean Aplikatutako Etikan: Gatazka Etikoak eta Etika Batzordeak; Unibertsitateko Aditua Haur Garapenean eta Hezkuntza Laguntzaren Beharretan; Unibertsitateko Aditua Lehen Hezkuntzako Matematikan; Unibertsitateko Aditua Erantzukizun Sozial Korporatiboan; eta Unibertsitateko Aditua Lehen Arretako Gizarte Zerbitzuen Kudeaketan.

Eta, aipatutakoei, hauek ere gehitzen zaizkie: Masterra Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzan; Espezializazio Diploma Erizaintza Onkologikoko Zainketetan; Espezializazio Diploma Hornidura Katearen Logistikan-Kudeaketan; eta Unibertsitate Hedapeneko Diploma Esku-hartze Sozialean Ijito Komunitatearekin. Titulu horiei dagokienez (Unibertsitateko Aditua Lehen Arretako Gizarte Zerbitzuen Kudeaketan titulua izan ezik, ikaspostu guztiak bete baitira), zabalik dago jada online izen-ematea, ekainaren 30a arte, Unibertsitatearen webgunean (arlotan sailkatutako titulu bakoitzean sartu beharra dago).

Hauek dira gainerako titulu bereki berriak: Espezializazio Diploma Generoan; Espezializazio Diploma Immigrazioan eta Esku-hartze Sozialean; Espezializazio Diploma Esku-hartze Sozialean Familiekin, Haurrekin eta Nerabeekin; Espezializazio Diploma Gizarte Lanean Espezializatutako Ikerketan; eta Unibertsitateko Aditua Erlijio Katolikoan eta Kulturan. Titulu horietan online izena emateko epea aurki irekiko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesa dutenek Unibertsitatearen webgunea kontsulta dezakete, aipatutako bakoitzak epe jakin bat baitauka.

Gaitasunak indartzea eta profesionalak prestatzea

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu bereki horien guztien prestakuntza-eskaintzak bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen eta gazte profesionalen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea eta profesionalen eguneratzea bultzatzea lan-merkatuan sar daitezen, edo beren titulazioari egokitutako lanpostu bat eskura dezaten; eta, bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua edukitzea.

Horretaz gainera, titulu berekietako ikasleek hainbat abantaila dituzte, hala nola enplegu kualifikatuaren poltsarako sarbidea, lan-orientaziorako unibertsitateko zerbitzua, enpresa eta erakundeetan prestakuntza-praktikak egiteko aukera, eta hainbat zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza-ikastaroak, kirolak, Liburutegirako sarbidea, e.a.).

Online modalitatea eta modalitate erdipresentziala

NUPeko zenbait irakaslek eta ospe handiko profesionalek osatzen dute prestakuntza horren klaustroa, eta tituluek, datorren ikasturtean lehen aldiz, online modalitatea eta modalitate erdipresentziala eta presentziala edukiko dute. Azken kasu horretan, tituluetako zenbaitetan “webinar” edo web-mintegiak egingo dituzte, eta horiek aukera ematen diete ikasgelatik urrun dauden pertsonei eskolak denbora errealean jarraitzeko.

Unibertsitate hedapeneko diploma egiteko, ez da aurretiaz unibertsitateko titulaziorik behar; bai, ordea, master-tituluak, espezializazio-diplomak eta aditu-tituluak egiteko. Nolanahi ere, zilegi da ikastaroetako gaiekin lotutako profesionalak onartzea, aldez aurretik ikasketa horiek egin ez badituzte ere. Kreditu kopuruari dagokionez ere, desberdintasunak daude. Masterraren kreditu kopurua 60tik 120ra bitartekoa da; espezializazio-diplomarena, 30etik 59ra bitartekoa; eta adituarena, 15etik 29ra bitartekoa; unibertsitate-hedapeneko diplomak 30 kreditu ditu gutxienez ere. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!