Eduardo Santos izanen da hemendik aurrera Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia, Laura Perezi gailendu ostean, baina estu: 28 botoen aldea baina ez dute izan. Hirugarren hautagaiak, Fran Espinosak, ez du ordezkapenik. 6.917 lagunek eman zezaketeen botoa eta horietatik 1.347k eman dute, hau da, %19,5ek.
Zuzendaritzan, boto bidez aukeratutako 24 kide daude eta horietatik hamalau Santosen ingurukoak dira, horien artean Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea -denak, Martxoak 20 hautagaitzakoak-; gainontzeko hamarrak Lana 2019 zerrendakoak dira, alegia, Perezen gertukoak.
Horiez gainera, herritarren kontseiluan Santos izanen da, tokiko zirkuluetako bi ordezkari -Santosen gertukoak biak ala biak- eta hautagaitzetan ez zeuden sektoreetako zirkuluetako beste bi kide. Herritarren Kontseiluko 29 kideetatik, beraz, hamazazpi dira Santosen lerrokoak, Santos bera aintzat hartuta.