1938 urtean Ezkaba mendian dagoen San Cristobal gotorlekutik ia 800 preso errepublikazalek (795) ihes egin zuten (Estatuko kartzeletan inoiz egindako ihesaldi handienetakoa izan zen).
Frankistek horietako 206 mendian harrapatu eta bertan hil zituzten, eta beste 14, antolatzailetzat hartuta, Iruñara eraman eta hantxe fusilatu zituzten handik gutxira. Azken aldian, Nafarroako Gobernuak gorpuak hobietatik ateratzeko abiatutako programaren baitan, Aranzadi Zientzia Elkartea apurka-apurka sakabanatuta dauden gorpuzkiak aurkitu eta hobitik ateratzen ari da identifikazio lanetarako.
San Cristobalgo espetxe zenaren atarian omenaldia egin diete. Txinparta Elkarteak antolatutako ekitaldian Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du.
Botilak, ihesaldian parte hartu zutenen omenez
Botilak bihurtu dira ikur; izan ere, espetxean hildako ehun lagunetik gora, alboko hilerrian lurperatu zituzten hankatik botila bat zintzilik zutela, eta barruan bakoitzaren izen-abizenak zeudela.
Aurten ere egindako lore eskaintzan, Nafarroatik eta Estatuko beste hainbat tokitatik bertaratu diren gonbidatuek botila bana eraman dute, baina oraingoan eurek idatzitako mezu edo olerkiren bat gorde dute bertan. Omenaldiaren erdigunean kokatu dituzte, eta amaieran bakoitzak botila bat hartu du, baina berea ez zen bat.