Europako eta Latinoamerikako zenbait unibertsitatetako 22 lagunek NUP ezagutuko dute

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 19a, 09:32
Argazkia: Nazioarteko asteko parte-hartzaileak, NUPeko teknikariekin batera.

“International Staff Training Week” ekimena goi-mailako hezkuntzako ikasle eta langileen mugikortasunerako Erasmus+ programan kokatzen da.

Europako eta Latinoamerikako zenbait unibertsitatetako administrazio eta zerbitzuetako 22 langile Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) daude aste honetan. Izan ere, irakasleak ez diren langileentzat Erasmus+ programaren esparruan antolatutako ikasketa-astean parte hartzen dute, “International Staff Training Week” izenekoan. Programa horren bidez, goi-hezkuntzako ikasle eta langileen mugikortasun-proiektuak sustatzen dira Europako Batasuneko herrialdeen eta beste herrialde elkartu batzuen artean.

Zehazki, “Erasmus+ programa: Herrialde elkartuekiko lankidetza-aukerak” du izena asteak, eta, ekimen horri esker, zenbait erakundetako zenbait langilek aukera dute trebakuntza- eta dibulgazio-saioetan parte hartzeko. Jarduera horiek Unibertsitateak azken urteetan bultzatzen duen nazioartekotzea indartzeko estrategiaren parte dira. Nazioartekotzearen aldeko apustua Unibertsitatearen ondoz ondoko plan estrategikoetan islatzen da, eta, zehazki, 2016-2019 urteetarako sinatutakoan.

Bisitaren egitaraua eta parte-hartzaileak

NUPeko Nazioartekotzerako eta Lankidetzarako Errektoreordetzak antolatu ditu jarduerak, besteak beste, gai hauen inguruan: lankidetza eta mugikortasuna Erasmus+ programaren esparruan, garapenerako lankidetza eta ekintza soziala NUPen. Horrez gainera, Iruñeko eta Erriberriko hirigune historikoak bisitatuko dituzte parte-hartzaileek.

Nazioarteko mugikortasun-programan, hauek parte hartu dute: Petya Petkova (Bulgaria), Fabio Trombino, Marcello Ciola, Moira Aureli eta Sara Ramadori (Italia), Rasa Braslauskiene eta Reda Vismantiene (Lituania), Izabela Krystek, Magdalena Tomczak eta Jerzy Marcinkowski (Polonia), Paula Romanito (Portugal), Caroline Jousset (Frantzia) eta Cristina Copaceanu eta Olyna Kindibaliuc (Moldavia). Europaz kanpoko parte-hartzaileak, berriz, hauek dira: Judith Rocío Flores Galindo (Peru), María Roxana Zambrana Lizarazu, Lourdes Angélica Navia de Castro eta Armando Dalenz Cueto (Bolivia), María Teresa Molina Santos de Dardón eta Miriam Issabel Castañeda Paz (Guatemala), José Bernardo Rafael (Mozambike) eta Amanda Beth Stephens (Estatu Batuak).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!