Galaxiako Lorategia ekainaren 9tik aurrera herritarrendako zabalik egonen da

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 18a, 08:16

Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako zenbait kidek Siriako arrosondo bat landatu dute Udalbatzaren izenean.

Ekainaren 9an inauguratuko da ofizialki Galaxiako Lorategia. Hala jakinarazi du Iruñeko alkate Joseba Asironek gaur, Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako zenbait kidek gune horretara egindako bisitan. Inaugurazio-ekitaldiaren xehetasunak, edukia eta partaideak datozen egunotan iragarriko dira, ekitaldira etorriko direnen agendak ahalik eta gehien doitu beharra baitago. UNESCOk, Nazio Batuen erakundeak, Lur planetaren ordezkari gisa, landatuko du sinbolikoki azken zuhaixka. Gaur goizean Udalbatzako kideak kosmosaren lorezain bihurtu dira, aurrez hainbat erakunderen eta gizarte-, zientzia- eta hezkuntza-kolektiboetako ordezkarien urratsei jarraiki, zeinek aurtengo urtarrilaren 17tik maiatzaren 6ra bitarte lorategia osatu baitute.

Zinegotziek lehenengo Esne Bideari buruzko saio teoriko bat jaso dute, Planetarioko talde didaktikoko arduradun Fernando Jaúreguiren eskutik. Eguzki Sistemaren galaxiari buruzko distantziak, magnitudeak eta izar-eraketak irakatsi dizkie.

Ondoren, Lorategietako Zerbitzuaren arduradun Mikel Baztanek zein zuhaixka landatu behar zuten, eta lorategian dauden ale ezberdinak eta Esne Bideko zein elementuri dagozkien azaldu die. Hitzaldi horien ondoren, taldea lorategiak betetzen dituen 100 m2-ko gunera joan da Siriako arrosondoa (Hibiscus syriacus) landatzera, Pertseoren eta Sagitario-Carinaren besoak irudikatzen dituen tokian kokatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!