Ekainaren 9an inauguratuko da ofizialki Galaxiako Lorategia. Hala jakinarazi du Iruñeko alkate Joseba Asironek gaur, Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako zenbait kidek gune horretara egindako bisitan. Inaugurazio-ekitaldiaren xehetasunak, edukia eta partaideak datozen egunotan iragarriko dira, ekitaldira etorriko direnen agendak ahalik eta gehien doitu beharra baitago. UNESCOk, Nazio Batuen erakundeak, Lur planetaren ordezkari gisa, landatuko du sinbolikoki azken zuhaixka. Gaur goizean Udalbatzako kideak kosmosaren lorezain bihurtu dira, aurrez hainbat erakunderen eta gizarte-, zientzia- eta hezkuntza-kolektiboetako ordezkarien urratsei jarraiki, zeinek aurtengo urtarrilaren 17tik maiatzaren 6ra bitarte lorategia osatu baitute.
Zinegotziek lehenengo Esne Bideari buruzko saio teoriko bat jaso dute, Planetarioko talde didaktikoko arduradun Fernando Jaúreguiren eskutik. Eguzki Sistemaren galaxiari buruzko distantziak, magnitudeak eta izar-eraketak irakatsi dizkie.
Ondoren, Lorategietako Zerbitzuaren arduradun Mikel Baztanek zein zuhaixka landatu behar zuten, eta lorategian dauden ale ezberdinak eta Esne Bideko zein elementuri dagozkien azaldu die. Hitzaldi horien ondoren, taldea lorategiak betetzen dituen 100 m2-ko gunera joan da Siriako arrosondoa (Hibiscus syriacus) landatzera, Pertseoren eta Sagitario-Carinaren besoak irudikatzen dituen tokian kokatuta.