Ustelkeriaren eta PPren kontrako elkarretaratzea eginen dute larunbatean

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 17a, 12:27

Ahal Duguk, EH Bilduk, Geroa Baik, Batzarrek, Ezker Batuak eta Euskadiko Alderdi Komunistak antolatu dute besteak beste, "herritarrek duintasuna berreskuratzeko".

Ustelkeriaren kontrako elkarretaratzea antolatu dute hainbat alderdi politikok, eragilek eta sindikatuk, Aski da ustelkeriarik ez! PP kanpora! lelopean; larunbatean izanen da, 12:30ean, Merindadesen. Ahal Duguk, EH Bilduk, Geroa Baik, Batzarrek, Nafarroako Ezker Batuak, Euskadiko Alderdi Komunistak, Eraldatuk, Gazte Komunistak, Ezker Sozialistak, Nafarroako Batzorde Errepublikarrak, Duintasunaren Martxa eta Solidarik zabaldu dute protestarako deialdia.

Espainiako estatua “salbuespen egoeran” dagoela salatu eta “Rajoy eta haren gobernua demokrazia itxuragabetzen” ari dela esan du Joseba Jimenezek eledunak, mobilizazioa aurkezteko prentsaurrekoan. 

Ustelkeriak "demokrazia kaltetu eta herritarren bizi baldintzak okertzen” dituela gogorarazi dute, halaber. "Ustelkeria hori oso lotuta dago neoliberalismoak bultzaturiko pribatizazio prozesuarekin, eta horrek pobretu gaitu, eta eskubideak kentzen dizkigu. Horren bitartez, gainera, egiazko boterea enpresaburu handienen eskuetan dago, eta gauza jakina da enpresaburu horiek ez direla hauteskundeetara aurkezten", adierazi du Jimenezek. 

Eskubideak murrizten

Lan erreformek langileen eskubideak eta Mozal Legeak askatasuna "murriztu" dituztela azpimarratu dute, baita zerbitzu publikoak pribatizatuta "jendearen beharrak salerosten" dabiltzala ere.

Nafarroako "interes orokorraren kontrako obrak" egin izan dira, Joseba Jimenez eledunaren iritziz: "eskuinak" diru publikoa "xahutu" du. Hala, Reino Arena eta Los Arcosko zirkuitua aipatu dituzte eta "itzalpeko bidesariaren bidezko obra esleipenek egindako zorrak".

Herritarrei begiratuta

Ekonomia "herritarren neurrira" jarri behar delakoan daude, osasun, hezkuntza, etxebizitza eta lan eskubideak "bermatuta". "Horretarako, premiazkoa eta ezinbestekoa deritzogu PP gobernu zentraletik botatzeari", egin dute aldarri, izan ere, "alderdi popularra da egoeraren eragile eta erantzule politiko nagusia"

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!