II. Familia Plana prestatzen ari da Nafarroako Gobernua, kontuan izanda aurrekoa orain dela 15 urte idatzi zutela; berritu egin nahi dute eta egungo familia ereduei egokitu. Emakume bakarrez osatutako familiei ere arreta eman nahi diete: 8.360 daude, 13.500 adin txikikoekin. Horiek babes neurrien %34 jasotzen dituzte, 6.000 umeri mesede eginda. Horrez gainera, txirotasun arriskuan daude adin gabeen %35 eta horri ere erantzunen dio planak.
"Agortuta zeuden haurtzarorako politikak, ezin ziren testuinguruan sartu, ez ziren errealitate berrietara egokitzen", esan du Miguel Laparra presidenteordeak.
Prebentzioan indarra jarrita
Orain arteko planak konponketan jartzen zuen mira; hemendik aurrerakoak prebentzioan jarriko du, aldiz, Laparraren hitzetan: "Prebentzioa izanen da hurrengo planaren lehentasunetako bat".