3.052 laguni ezarri diete Mozal Legea Nafarroan, 2015eko ekainetik 2016ko abendura arte; eskubide zibil eta politikoei zuzenean eragiten dieten hiru artikuluak medio, 289 isun izan dira, Poliziari "desobedientzia egitea", segurtasun indarrei "irain egitea" eta eremu publikoan "desordena sortzea" leporatuta.
Horregatik, Mozal Legea ez ezartzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari Eleak-Libreko partaideek eta ofizialtasuna eskatzeko kateatu ziren EHEko kideek. Horretaz aparte, Nafarroako eta EAEko legebiltzarrei legearen aurkako konpromisoa eskatu diete: hitz hartzeak egin nahi dituzte, bai eta bi erakundeek legearen kontrako aurkakotasuna berrestea ere.
"Euskal Herrian, hamarkadak daramatzagu eskubide zibil eta politikoen urraketa egiturazkoa bizitzen. 'Demokrazian', frankismotik eratorritako salbuespen arkitekturaren zutabe oso garrantzitsuek zutik iraun zuten. 90.hamarkadaren hondarrean eta bereziki 2001etik aurrera, eraikina zaharberritu eta zutabe berriak eraiki ziren, hala nola alderdien legea, mugimendu herritarren legez kanporatzea eta komunikabideen itxierak, mobilizazioen debekuen eta iritzi delituen biderkatzea eta abar", salatu dute.
Posta helbidea, martxan
Mozal Legea aplikatuz gero, aholkularitza juridikoa emateko emaila jarri dute martxan, mozalikez@riseup.net helbidera idatzita.