Nafarroa bat eta bakarra dela birgogorazi zuten igandean Baigorrin, Nafarroaren Egunaren 38. aldian. Kartsuki, alaiki, herria eraiki! leloa ardatz, herri bat eraikitzearen alde egin zuten Basaizea elkarteko lagunek, eta herritarrek ederki erantzun zuten: Euskal Herri osotik iritsitako lagunak batu ziren.
Dantza, musika, emanaldiak, herri bazkaria... adin guztietarako egitaraua prestatu zuten, denen gozamenerako.
Aurpegi ezagunak ez ziren falta izan: Joseba Asiron, Iruñeko alkatea; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko kontseilaria; Koldo Leoz, Lizarrako alkatea; eta Adolfo Araiz, EH Bilduko parlamentaria izan ziren, besteak beste.
"Piriniotako bi aldeetako nafarrak batu dira, mugak ez direlako existitzen: herri bat izan ginen, herri bat gara eta herri bat izanen gara", esan zuen Asironek.
Ollok instituzioek "oztopoak gainditzeko" lan egin behar dutela adierazi zuen, "herritarrek dauzkaten interes ekonomiko eta sozialak partekatzeko".