Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Nafarroako Polizien Legeak desadostasunak eragin ditu

Euskalerria Irratia 2017-04-26 08:55   Politika  Nafarroa

>Gobernuak onartu ondoren astelehenean igorri zuten parlamentura. 
>Beaumontek eta Barkosek proiektua defendatu dute "polizia eraginkorra, modernoa eta errealitateari erantzunen diona" ekarriko duelakoan. 
>Gobernua babesten duten alderdien artean Podemos-Ahal Dugu kexu da "sindikatuen parte hartzerik ez delako izan".

Nafarroako Polizien Legeak desadostasunak eragin ditu
Foruzainek protesta egin zuten lege proiektua atzera bota dezaten eskatzeko. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Polizia Legea izan da hizpide Iruñean. Erakundeetan, eta baita kalean ere, protesta artean bereziki.

Parlamentuan, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoko eta Barneko kontseilaria izan da lehenbizi, Mari Jose Beaumont. Bere departamentuak aurrera eramandako proiektua defendatu du, eredu berria ekarriko duelakoan, integrala, modernoa eta errealitateari erantzunen dion poliziarena.

Nafarroako Lehendakaria ere izan da gaur legebiltzarrean, Uxue Barkos. Hark ere, defendatu egin du proiektua bera, eta uste du, konsensurako aukera zabalak izan direla.  

Goizeko bederatzietan iritsi da Beaumont parlamentura. Nafarroako Polizien Lege berria beharrezkoa dela berretsi du. Eskumenak eta ardurak zeintzuk diren zehazten dituelako, eta orain arteko hutsuneei erantzuna ematen dielako.

Udalerrietako poliziek eta foruzainek eskumen gehiago izanen dituzte, orain arte eskainitako kalitatea zapuztu gabe.

Foruzaingoaren kasuan, barne antolaketan moldaketak ezinbestekoak direla berretsi du Beaumontek, besteak beste, errekurtso eta baliabideak hobeki kudeatuta.

2,8 egun egiten dute lan bataz beste foruzainek astero. Lan ordu errealak dira, kontuan hartuta foruzainen talde desberdinak:

C Mailan dauden 942 cabo eta poliziek 145 lan egun dituzte urtean, alegia, 2,79 egun astean. B Mailan dauden 93 inspektorek164 lan egun dituzte urtean, alegia, 3,16 egun astean eta A Mailan daudenek 3,91 egun astean dituzten lanegunak.

Garrantzitsua da lan-ordu errealak kontuan hartzea lan-talde egokiak antolatu eta behar diren agenteak kubritzeko lan eskaintzak egiteko.

Ez da egia ez denik negoziaziorik egon, esan du kontseilariak. 100 entitate, alkate eta talderekin izan dira bilduta, baita sindikatuekin ere eta hala nola 36 udalerrietako agintariekin ere. Gaia landu eta aztertu dutela eta aportazioak ere jaso dituztela.

Ildo horretik heldu dio agerraldiari baita Uxue Barkosek ere. Uste du, batez ere tokiko polizien atalean bildutako aportazioek osotasuna eman diotela proiektuari. Polizia eraginkorragoa sortzeko asmoarekin bat datorrena.

Tokiko polizien kasuan negoziazioa egon dela gogorarazi du Barkosek. Foruzaingoaren sindikatuen kasuan ordea, ez dute mahaiaren bueltan eseri nahi izan. Oposizioko taldeek leporatu diete polizia eredurik ez dutela zehazten proiektuan. Ez da egia, lehendakariaren esanetan.

Lan mardula egin da Nafarroako Polizien Legea osatzeko. Egindako bilerak, sortutako lan taldeak, organoak, batzarrak… zerrendatu ditu Barkosek. UPNk bertsio okerra, interesatua darabilela leporatu dio. Atzo iritsi zen parlamentura proiektua, eta oraindik ere Gobernuak negoziazio mahaia zabalik dituela jakinarazi du Barkosek.

Oposizioak Beaumonten dimisioa eskatu du

Beaumonten eta Barkosen hitzek ez dituzte alderdi guztiak asebete. UPN, PP eta PSN oso kritiko azaldu dira proiektuarekin. Sindikatuekin negoziatu gabe, presaka eta polizien lan baldintzak okertuko dituen proiektua aurkeztu dutela uste dute. Foruzainak matxakatzea eta desprestigiatzea leporatu dio UPNko Sergio Sayasek Beaumonti.

Lege berria egin ordez, 2015ekoa oinarri hartu eta hobetu beharko litzatekeela uste du alderdi sozialistak. Aurkeztutakoak langileen baldintzak kaltetu eginen dituela uste du Inma Juriok.

Gobernua babesten duten alderdiak bat datoz esaterakoan polizia eredua aldatu eta zehaztu beharra dagoela. Eta horretara bideratuta dagoela legea, nahiz, batzuek eta besteek ñabardurak badituzten.

Ez da posible Nafarroan lau polizia desberdin egotea eta euren artean eskumenak eta zereginak berdinak izatea. Horixe esan dute Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak. Hori zuzentzeko pausotzat jo dute lege proposamena, nahiz eta, badiren hobetu litezkeen arloak ere, batez ere hor kritikoen Ahal Dugu, agente gehiago behar direlakoan eta ez lan ordu gehiago daudenentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa