Altsasuko auzia Nafarroako Audientziak har dezala aldarrikatu dute berriz ere gurasoek

Euskalerria Irratia 2017ko api. 19a, 14:24

Argazkia: Altsasuko auzipetuen alde orain bi aste egindako elkarretaratzea. / Ahotsa.info

Bi astetik behin elkarretaratzea egiten du Altsasu gurasoak plataformak, herri eragileekin batera, gazteak Nafarroan epai ditzaten aldarrikatzeko. Gaur, pentsionistekin batera egin dute.

Elkarretaratzea egin du Altsasu gurasoak plataformak gaur goizean, Sarasate pasealekuan, monumentuaren azpian, Altsasuko taberna liskarra terrorismoa izan ez zela aldarrikatzeko. Hamabost egunetik behin egiten dituzte auzipetutakoen senide eta lagunek kontzentrazioak, gizarte eragileen laguntzarekin: sindikatuekin, mugimendu feministatekin eta LGTB kolektiboekin egin izan dute orain arte. Gaurkoan, pertsionistekin batera atera dira kalera.

Bost hilabete daramatzate jada kartzelan Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Ardanazek, FIES erregimenen. “Injustizia” da epaia, plataformaren hitzetan: "Ausardiaz eskatzen dugu gure seme alaben kontra eraikitako justiziagabeko hau atzerabota dezatela eta, behingoz, buka dadila. Irmotasunez eskatzen dugu Nafarroako Audientziak emandako ebazpenari kasu eginez Iruñera itzul dadila Alsatsuko kasuaren instrukzioa, bidegabekeria osoz terrorismo kalifikapena kenduta, Altsasukoa ez baita terrorismoa"

Nafarroan egon zitekeen

Altsasuko auzia Iruñean epaitu behar dela ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, nolanahi ere Madrilgo Auzitegi Gorenaren esku dago auzia non epaituko duten erabakitzea. Hark dauka azken hitza. Familiek bertako epaitegiaren hitzei men egin diezaien eskatu diote.

Espetxean segitzen duten gazteen askatasuna galdegiteko sinadura bilketa egiten ari dira gurasoak, beren webgunean bitartez.

Bi zita garrantzitsu

Datozen egunetarako bi hitzordu ezagutarazi dituzte: apirilaren 28tik 30era Altsasuko Asteburu kulturala ospatuko dute, besteak beste, proiekzioak, musika emanaldiak eta haurrendako tailerrak izanen dira; maiatzaren 6an, Altsasuko hiru auzipetuen aldeko manifestazioa izanen da, Madrilen, Altsasuko Kasuaren Aldeko Plataformak deituta. Nafarroatik bertara joateko autobusa prestatuko dutela jakinarazi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!