Hobietatik Gorpuzkinak ateratzeko Nafarroako Gobernuaren Programaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak gaur goizean hasi ditu Burutuaingo Kontseiluko (Anue) hobi bat aztertu eta han lurperatutako lagun talde baten gorpuzkinak aurkitzeko lanak.
Garai hartan haurra zen eta gertakarien lekuko izan zen pertsona baten jarraibideei esker aurkitu izan da iheslari haiek lurperatu zituzten leku zehatza. Zentzu horretan, Gobernuak berriro azpimarratu nahi du oso garrantzitsua dela antzerako gertakariak bizi izan zituztenek beren lekukotzak jakinaraztea, beste hobi batzuk aurkitu eta, era horretan, horrenbeste urtez itxoiten dauden familiei erantzuna eman ahal izateko.
Datozen egunotan aterako dituzte gorpuzkinak; oraindik ez dakite zenbat lagunenak diren, baina Ezkaba mendiko espetxetik 1938an ihes egin ondoren erail zituzten lagunenak direla bai. Vianako Printzea Erakundeko Ondare Zerbitzuaren baimena du esku-hartze horrek.
Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren arloan bultzatzen dituen ekintzen barruan sartzen da jarduketa hau ere; helburua da 1936ko errepresioaren biktimen senitartekoen egia jakiteko, justiziarako eta ordaina jasotzeko erreklamazioei erantzuna ematea.