Manu Aierdi: "Espainiak Nafarroan eginen duen inbertsioaren %60 egina dagoen lanak ordaintzeko izanen da"

Euskalerria Irratia 2017ko api. 6a, 08:10

Manu Aierdi garapen ekonomikorako lehendakariordea. Arg:eitb.eus

>79 milioi euro iragarri ditu Mariano Rajoyren Gobernuak Nafarroarako, eta horietatik 45 milioi euro egina dagoen Abiadura Handiko Trenaren zatia ordaintzeko izanen da, 2014tik zor ziona alegia. 
>Espainiak eginen duen "diru banaketaren argazkian" Nafarroa kaltetuenen artean ageri da: inbertsio gehiena egina dagoen lanak ordaintzeko eta pertsona bakoitzeko diru kopururik txikiena. 

Espainiako Aurrekontu Orokorrak aurkeztuak ditu Cristobal Montoro Ogasun Ministroak kongresuan. Eta ia jarraian iritsi zen beste iragarpena: UPNk babestu eginen ditu Mariano Rajoyren aurrekontuak. Zeren truke? Bada Javier Esparza UPNren buruaren esanetan, Abiadura Handiko Trenarekin eta Nafarroako Ubidearekin Espainiak hartu duen konpromisoarengatik. 

Manu Aierdi Nafarroako garapen ekonomikorako lehendakariordea izan zen atzo agerraldian. Espainiak Nafarroan eginen duen inbertsioari begira jarri zen. Lehen begiratuan Nafarroa ez da batere ongi ateratzen argazkian: "Rajoyk Nafarroarako iragarri dituen inbertsioak jada, eginak dauden lanak ordaintzeko bideratuko dira", azaldu zuen Aierdik. Izan ere, 79 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen PPk Nafarroarako eta %60 eginak dauden lanak ordaintzeko bideratuko ditu: "Nafarroan inondik inora doan Abiadura Handiko Trenaren zatia ordaintzeke zuen Gobernuak, eta aurtengo aurrekontuetan sartu du zor diona kitatzeko aukera", gogorarazi du Aierdik. Gainerakoan, pertsona bakoitzeko Espainiak bideratzen duen dirua kontuan hartuta, nafarrentzat diru gutxi izanen da. "Espainiako erkidegoekin alderatuta bigarren gutxien jasoko du Nafarroak pertsona bakoitzeko", esan du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!