Garai berrirako zuzendaritza proposamena aurkeztu du LABek

Euskalerria Irratia 2017ko api. 4a, 09:20

Sindikatuko idazkari nagusia litzateke Garbiñe Aranburu eta haren ondokoa Igor Arroyo. Nafarroako koordinatzaile nagusia Imanol Karrera litzateke. 

9. Biltzar Nagusiaren prozesuarekin aurrera jarraitzen du LABek. Datozen 5 urteetan sindikatua gidatzeko proposatzen den zuzendaritza-lan taldea aurkeztu dugu eta Biltzar Nagusi honen harira sortu den aplikazioan proposamen alternatiboak egiteko aukera zabaldu dugu. Nazio komite berri horren egituraketan hainbat berrikuntza aurreikusten dira, guztiak, datozen urteei begira sindikatuak ponentzietan jasotzen dituen erronka eta egitasmo nagusiek eskatzen duten zuzendaritza-eredua osatzera bideratuta.

Garbiñe Aranburuk, biltzar nagusiaren prozesuaren koordinatzaile gisa , adierazi du proposatzen den “zuzendaritza berriaren ezaugarriak datozen urteetarako LABek markatu dituen erronkei lotutakoak direla”. Besteak beste ekintza sozialeko egitura sortu dugu eta arlo sozialera errekurtso gehiago bideratuko ditugu. “Eraldaketa soziala dugu helburu, euskal sozialismoa eta burujabetza prozesuaren bidez, euskal sozialismoa erdiesteko tresna den euskal estatua eraiki nahi dugu”. Horrekin batera Ekintza sindikal berria langile subjektibitate desberdinen errealitateari erantzuteko tresna izan behar dela deritzogu eta beraz lantokietan antolatzeko formula berriak sortu ditugu. 

Bestalde, Euskal Herrian ditugun 3 errealitate administratiboen araberako presentzia izango da komite exekutiboan zein Nazio Komitean. Burujabetza prozesuari begira eta errealitate sozial eta ekonomikoak kontutan hartuz, instituzio desberdinen politikei edota errealitate sindikal desberdinei modu egokiagoan erantzuteko bideak aurkitzea da erabaki honen asmoa.

Barne mailan ere hainbat aldaketa nabarmendu ditu Igor Arroyok. Eraketa lantaldearen eginkizuna sindikatuaren barne bizitza eta funtzionamendua dinamizatzetik, plangintzen garapen eta inplementaziora zabalduko da. Bestalde ikasketa gabinetea sortuko da, ikasketa eta azterketa estrategikorako tresna izango da eta LABen programa eta estrategia sozioekonomikoan ekarpenak egitea izango du zeregin nagusia. Arroyoren arabera “burujabetza prozesu orok izan behar du estrategia sozieokonomiko jakin bat, LABen apustua egungo eredu ekomomiko eta soziala errotik aldatzea da eta hau klabea izango da”. Amaitzeko, berrikuntzen artean eskola feminista eta idazkaritza feministaren sorrera azpimarratu ditu Arroyok. “Eraldaketa sozialerako, eraldaketa feminista behar dugu eta beraz sindikatu paritario batetik sindikatu feminista baterako jauzi ematera goaz”. 

Albistea LAB-etik ekarria. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!