1980ko ekainaren 11tik, inork ez dauka Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen (ETAtik banandutako talde bat zen KAA), eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu. Naparraren senideek eta abokatuak Iñaki Errazkin kazetariaren bidez lortu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi duten informazioan oinarritzen da gorpua bilatzeko eskaera. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Espainiako zerbitzu sekretuekin eta estatu terrorismoarekin ustez lotura izan zuen pertsona batek Errazkini esandakoaren arabera, Naparraren hilotza aipatutako toki horretan legoke. Errazkinek eta Etxeberria auzi medikuak deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegian, halaber, familiaren DNA lagin bat dute, egiaztatzeak egiteko.
Naparraren gorpua bilatzeko lanak hasiko dituzte gaur, Landetan (Frantzia), Baionatik 130 bat kilometrora, Brocas eta Labrit artean, D-651 errepidearen 53-54 kilometroetan dagoen harizti batean. 09:30ean hasiko ditu indusketa lanak Jendarmeriaren talde batek, Laurent Lesaffre koronela buru. Han izango dira, besteak beste, Eneko Etxeberria anaia, Iñigo Iruin abokatua eta Paco Etxeberria auzi medikua.