Zuberoarako bidean harrapatuko du egunsentiak 20. Korrika. Hara iritsi aurretik, ordea, Donapaleun Kilimon joaldun elkarteak egingo du 858 kilometroa, bertako Herriko Etxearekin batera. Eta hemendik Maulera heldu bitartean, besteak beste, Amikuzeko hainbat lagun izango dira lekuko eramaile: ikastola (861), musikariak (862), Kantuz eta Dantzan (867) eta gau eskola, Etxarri kolektiboarekin batera (868). Ezpeize eta Sohutatik igarota, 09:54an helduko dira korrikalariak Maulera. Bertako lehen kilometroa (882) Maule kolegio lizeoaren eta Atharratzeko kolegioaren artean beteko dute.
Urdinarbetik eta Muskilditik igarota, eguerdian Donaixtitik sartuko da berriro Korrika Nafarroa Beherean. Hala, 14:13an Ainhizen beteko du bere kilometroa (922) Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak. Ondoren, Ipar Euskal Herrian sartu bezala, Nafarroa Beheretik irtengo da 20. Korrika Iparraldetik, Baigorritik hain zuzen ere, “laster arte” erranez, astearte arratsaldean itzuliko baita Hendaia aldera.
953. lekuko aldaketan Nafarroa Garaian sartuko da berriro Korrika, arratsaldeko bost eta erdiak aldera, Izpegiko lepotik. Harrera beroa eginen diote Jo ala Jo kultur elkarteak eta Baztango bertso eskolak. Gerora, Baztanen zehar, lasterkarien artean agertuko dira Hartza, Sagar dantzariak, Mozorroak... Kilometro erosleen artean hainbat elkarte, enpresa, langile eta udal dago. Bertan izanen dira Iruñerriko AEK-ko ikasle eta irakasleak ere, Legasan. 120 lagun inguru hurbilduko dira 984 kilometroko lekukoa eramatera, iluntzeko 20.30ean.
Hainbat kilometro eginda, Baztan atzean utzi eta Basaburuan jada, Orokieta inguruan, 1012. lekuko aldaketan Nafarroako AEKideek eginen dute kilometroa, Aitziber Sarasolaren omenez, 23:46an.
Larraunen izanen da Korrika astearte goizaldean, eta hamaika herri zeharkatuko ditu. Irurtzunera, esaterako, 03:14an ailegatuko dira korrikalariak, eta Lekunberrin goizeko 5:00etan izanen dira. Pozik hartuko dute, halaber, Gipuzkoako mugara heltzear, Betelu, Araitz eta Atalluko herritarrek, Korrika ez baita bertatik pasatu 13. ediziotik. 1076 kilometroa betetzearekin batera, nafarrek lekukoa Tolosa aldeko gipuzkoarren esku utziko dute, 06:45ean. Apirilaren 8a itzuliko da Nafarroara, 20. edizioko azken kilometroak egitera.