Orain dela lau urte atxilotu zituzten bi lagun Lizarran, kale salmentan aritzeagatik, eta gaur epaitu dituzte, Iruñean, SOS Arrazakeria eta Papelak Denontzat plataformek deituriko elkarretaratzea epaitegiaren aurrean zela. Kale salmenta "ez kriminalizatzeko eta ez zigortzeko" exijitu dute protestaren deitzaileek, Pertsonak ez dira ilegalak eta Ez dago aldaketarik denok sartzen ez bagara aldarri artean.
Zigor kode berriak zigorrak "are gehiago" gogortzen dituela gogorarazi du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak -gaur epaitu dituzten bi lagunak zigor kode zaharraren arabera epaituko dituzte-.
Aurrekariak izateak, gainera, ekiten du pertsonek herritartasuna lortzea edota paperak berritzea: "Horrek kanporatzea eragin dezake".
Gizarte eta babes eragileek kale salmenta ez kriminalizatzeko kanpaina abiatu dutela gogorarazi du Villahizanek, latza baita egoera: "Berzigortze prozesu baten aurrean gaude, kriminalizazio era berrien aurrean; errepresioak sistemaren ertz ikustezinak kolpatzen ditu".