Soriako behitegi erraldoiaren aurkako sinadurak aurkeztu ditu gaur EHNE sindikatuak, Ingurumen eta Tokiko Administrazioaren Departamentuan: ehun sinadura dira, zehazki, abeltzainenak, denak. Izan ere, Valle de Odieta kooperatibak 20.000 behi jarri nahi ditu Sorian (Espainia), eta urtean 180 milioi litro esne ekoizteko asmoa du. EHNEk salatu duenez, "geratu"egin behar da proiektua. Haien esanetan, Nafarroako 168 fanilien esne ekoizpena dago jokoan.
Gainera, "700 eta 800 lanpostu artean suntsituko dira"; sor daitezkeen postuak "erdi-esklabotza" izanen direla esan dute, halaber.
EHNEk onartu du Ingurumen Departamentuak ezin duela "deus" egin Soriako proiektuaren aurrean. Horregatik, Espainiako Estatuari zuzendu dio eskaria: ustiategiko "animalia muga" ezartzeko, hain justu.
Nafarroako Parlamentua ere kontra
Sorian (Espainia), 20.000 abere buru izanen lituzkeen behitegia eraikitzearen aurka azaldu da Nafarroako Parlamentua. Aho batez, gainera, talde guztiek jo dute Valle de Odieta kooperatibak eraiki nahi duen ekoizpen handiko behitegiaren kontra, "abeltzain txikien kalterako" baita, lurrarentzat ez delako "sostengarria" eta "inbertsore handien neurrira" pentsatua delako. Hori esan du Ahal Dugu taldeko Parlamentari Carlos Cousok.
Nafarroa osoko ganaduetan, orotara, 25.000 behi daudela oroitarazi du legebiltzarrak eta, beraz, makro esplotazioak bertako errealitateari "kalte" eginen lioke.
Noviercasen eraiki nahi dute, 166 laguneko herri batean, eta Europako handiena izatea dute xede. 95 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du kooperatibak.