Berrogei ikaslek NUPeko ikertzaile gazteen aholkularitza jaso dute Planetarioan

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 30a, 08:28
Ikasleak zientzia- eta teknologia-proiektuekin lanean ari dira, maiatzean Bilbon aurkezteko, Elhuyar Fundazioak antolatzen duen Zientzia Azokan.

Nafarroako lau ikastetxetako DBH eta Batxilergoko berrogeita hamar bat ikaslek (Leitzako Amazabal BHI, Iruñeko Julio Caro Baroja BHI, Noaingo Elortzibar BHI eta Zizur Txikiko San Fermin ikastola) Zientzia Azokan parte hartu dute gaur, martxoak 29, asteazkena, Iruñeko Planetarioan. Elhuyar Fundazioaren ekimen bat da: unibertsitateko atarian dauden ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, taldeka, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jasoz. 12 eta 18 urte arteko nafar ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA)sail desberdinetako (besteak beste, Kimika Aplikatua, Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Natura Ingurunearen Zientziak) 18 ikertzailegazteren aholkularitza jaso dute. Laguntza hori baliagarri izango zaie beren lanak azoka batean jendaurrean erakusteko Bilboko erdigunean, maiatzaren 6an, EAEko ikasleekin batera. Hortik dator Zientzia Azoka izena. Ekimen honek Foru Erkidegoaren, unibertsitatearen, Planetarioaren eta Zientziaren Lagunen Klubaren laguntza du.

"Parekoen topaketa" izeneko saioaren inaugurazioan izan dira, besteak beste, Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Ramón Gonzalo García UPNAko ikerketako errektoreordea, Joaquín Sevilla Moróder UPNAko Ezagutzaren Dibulgazioko arduraduna, Javier Armentia Fructuoso Planetarioko zuzendaria, Silvia Díaz Lucas Zientziaren Lagunen Klubeko lehendakaria eta Aitor Etxarte Berezibar Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria, bai eta Aitor Lacasta Zubero Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Ebaluazio, Kalitate, Trebakuntza eta Bizikidetzako zuzendaria eta Carlos Astrain Goñi Nafarroako Gobernuko Trebakuntza Ataleko burua.

Esperientzia aberasgarria

Zientzia Azokako parte-hartzaileek bi eta lau ikasle arteko talde txikiak osatzen dituzte, eta berek aukeratutako gai baten inguruan egiten dute lan. Elhuyar Fundazioarentzat, ekimen honen antolatzailearentzat, ez da lehiaketa bat, talde-lanean oinarritutako esperientzia aberasgarri bat baizik. Iruñeko bilkura honetan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek beren proiektuei buruz hitz egin ahal izan dute, soziologiari, informatikari, kirolari, mikrobiologiari, osasunari eta ingurumenari lotutako proiektuei buruz, UPNAko ikertzaile gazteekin, eta, hala, ikerketarekiko konpromisoa areagotu dute.

Aurtengo Zientzia Azokan, Nafarroako 80 gazte ari dira parte hartzen; izan ere, topaketan izan diren lau ikastetxeez gainera, Zangozako ikastolako ikasleak ere ari dira proiektuak prestatzen.

Lau erakunde antolatzaileen (Elhuyar Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Kluba) helburua da ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sare bat sortzea foru-erkidegoan, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.

Elhuyar Fundazioa 1972an sortu zen, eta EAEn du egoitza. Zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren eta euskararen garapenaren alde jarduten duen irabazi asmorik gabeko erakunde bat da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!