Gobernuak 25 urtetik gorako etxebizitzak eraberritzeko laguntzak emanen ditu

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 29a, 08:04

Handitu egin ditu gazteei, 65 urtetik gorakoei eta ezgaitasuna duten pertsonei zuzendutako diru-laguntza portzentajeak.

Nafarroako Gobernuak 25 urtetik gorako etxebizitzetan egindako birgaitze-lanen balioaren % 60ra arteko diru-laguntzak emango ditu 2017an. Halaxe azaldu du gaur goizean Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, Nafarroako Gobernuak datozen asteetan egingo duen gai horri buruzko publizitate-kanpaina instituzionalaren aurkezpena egiteko prentsaurrekoan.

"Alokairu soziala eta etxebizitzen birgaitzea dira Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-politika berriaren bi helburu nagusiak, eta politika horren eragin nabarmena izango du arlo sozialean, ekonomikoak eta ingurumenaren jasangarritasunaren arloan", azpimarratu du lehendakariordeak.

Gaur aurkeztutako kanpainaren berritasunen artean, nabarmentzekoa da, batetik, handitu egingo direla diru-laguntza portzentajeak, batez ere gazteentzako, 65 urtetik gorako pertsonentzako eta ezgaitasuna dutenentzako. Eta, bestetik, jaitsi egin da diru-laguntza jaso dezakeen gutxieneko aurrekontua –6.000 eurotik 2.000 eurora–; horrela, baliabide ekonomiko gutxien dituztenek ere izango dute laguntzak jasotzeko aukera.

Neurri horiei esker, etxebizitzaren arloan herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen dituen abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak babestutako birgaitzeen gaian jasotzen duen edukia betetzen da; pasa den abenduan onartu zuen parlamentuak lege hori.

Gazteei eta 65 urtetik gorakoei zuzendutako neurriei dagokienez, bi talde bereizten dira. IPREM indizea halako 2,5eko diru-sarrerak edo txikiagoak dituztenentzako, diru-laguntza kasu guztietan izango da % 45ekoa, eta % 50ekoa ere izan daiteke, lehentasunezko birgaitze-eremuetako esku-hartze orokorreko proiektuen kasuan.

Bestalde, IPREM indizea halako 2,5 eta 3,5 bitarteko diru-sarrerak dituzten gazteek eta 65 urtetik gorakoek % 30eko laguntzak eska ditzakete kasu guztietan, eta % 40koak lehentasunezko birgaitze-eremuetan.

Neurri horiekin, aurreko legealdian baino % 37 diru-laguntza handiagoak jaso ditzakete gazteek, eta % 5 handiagoak 65 urtetik gorakoek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!