Richter eskalan 1,5 graduko eta 3 graduko lau lurrikara izan dira gaur arratsaldean Nafarroan. Lehen bi astinaldiek hiru minutuko aldea izan dute: 14:44an eta 14:47an. Espainiako Geografia Institutuak emandako datuen arabera, lehendabiziko lurrikarak Olaibarren izan du epizentroa eta bigarrenak, berriz, Eguesibarren.
Ondorengo bi lurrikarak indar txikiagokoak izan dira. Hirugarren astindua 15:06ean izan da Erripan eta 1,8 gradukoa izan da, eta 15:42ean 1,5 graduko dardarizoa nabari dute Olaibarren.
Gaurko lehen bi astinduak azken egunotan izandako gogorrenak dira.
Larunbat gauean lau gehiago
Joan den larunbatean beste lau erregistratu ziren Nafarroan.
Nabarmenena Olaguen antzeman zuten, 2,8 graduko astindua, larunbat gaueko 22:31ean eta Burlatan, Sarrigurenen, Gorraizen eta Iruñean nabaritu zuten, Geografia Institutu Nazionalaren arabera.
21:06ean, berriz, beste lurrikara bat izan zen Olaben (2,4 gradu eta 12 kilometroko sakonera). Sarrigurenen, Burlatan eta Iruñean sentitu zuten.
Beste bi astinduak Uztarrozen izan zuen erdigunea: bat 23:34ean jazo zen (2,1 gradu eta kilometro bateko sakonera) eta bestea 00:22an (1,8 gradu eta 27 kilometroko sakonera).