Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Ultzama, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Leitzaldea , Lizarra, Malerreka, Olazti, Uharte, Zizur Nagusia eta, lehen aldiz, Iruñean abian jarri da programa hau.
Euskaltzaleen Topaguneak egitasmo honen hamaikagarren edizio jarri zuen martxan martxoaren 20an, zenbait euskara elkarte, Udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera. Hainbat Udal eta Mankomunitate, Nafarroako Foru Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren kultura sailak zein Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesle gisa agertzen dira. Denera 52 herritan jarri da martxan, inoizko kopururik handiena, eta lehengo aldiz egiten ari da bi hiriburutan, Iruñea eta Gasteizen, eskaintza aurreko urteetan baino 450.000 pertsona gehiagorengana helaraziz.
Aurtengo berrikuntzen artean Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda dago alde batetik eta bestetik liburuak elkarri oparitzeko proposamena. Hau sozializaziorako tresna bezala ikusten dute antolatzaileek.
Nola parte hartu kanpainan
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€ko balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.
Behar duenari irakurri nahi duenaren aukeraketan laguntzeko, egitasmoak zabalduko duen azalpen diptikoan 50 liburu-gomendioen zerrenda joanen da, bost adin tarteka sailkatuta. Zerrenda hori baina, ez da muga izango ez liburutegiko liburua aukeratzerakoan ez txekearekin beste bat erosterakoan, horretarako euskal literatura osoa dago eskuragai
Bi hilabete eta erdiz martxan, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra.
Martxoaren 20an abiatu zen “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izanen du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izanen da. Aurten ere, egitasmoa udaberriko hilabeteetan garatuko da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu-opari eta trukeen dinamika, opor aurreko hilabetetan eginez “udako liburua” opari hartutakoa izatea sustatu nahi delako.
Antolatzaileen esanetan “Aurreko hamar edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.”