Miren Zabaleta: "Euskal Errepublikaren bidean Nafarroaren burujabetza prozesua sustatzeko konpromisoa dugu"

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 27a, 08:01

500 bat lagunek hartu dute parte Nafarroako zuzendaritza hautatzeko barne hauteskundeetan.

Miren Zabaleta, Bittor Rubio, Aitziber Campion, Haritz Romeo, Maite Sabalza, Garazi Labiano, Iñigo Jurado, Joseba Compains, Oroitz Zabala, Egoi Irisarri, Garbiñe Bueno, Aitziber Larrea, Jon Garai, Joseba Otondo, Joseba Martinez, Alizia Iribarren, Jone Lozano, Elena Urabaien, Unai Razkin, Kepa Sanmartin, Bakartxo Ruiz, Nahia Fernandez, Sabino Cuadra, Patrizia Perales, Miren Conde, Gorka Mayo, Eguzkiñe Aiesa eta Alberto Matxainek osatuko dute Sortuko Nafarroako zuzendaritza. 500 bat lagunek hartu dute parte Nafarroako zuzendaritza hautatzeko barne hauteskundeetan.

"Euskal Errepublikaren bidean Nafarroaren burujabetza prozesua sustatzeko konpromisoa" azaldu du Miren Zabaletak. "Ezker abertzaleak bere egitasmo politikoa berretsi eta independentziarako hautua bideratzeko egokitzapen estrategikoan sakontzeko ariketa kolektiboa burutu du. Egindako bidea emankorra izan da dagoeneko, eragin zuzena izan duelako Euskal Herriko argazki politikoan eta prozesu soberanista-independentista bultzatzeko baldintza berriak sortu dituelako".

Zabaletak esan duenez, Nafarroa "une historiko itxaropentsuan" dago: "Aldaketa instituzionalak hamarkadatan Erregimenak ezarritako apartheid instituzionala gainditu eta orain arte baztertutakoen gobernuak osatu dira". Ildo horretan, azpimarratu du "aldaketa sustatzeko bide bakarra aldaketan sakontzea" dela.

"Aldaketaren ibilgailuari galga" jarri nahi diotenen aurrean, Zabaletak beharrezkotzat jo du "Nafarroako erakunde eta herritarren burujabetza-erabakimen osoaren defentsa, aldarrikapena eta praktikan sakontzea. Burujabetzea Nafarroarendako aukerarik onena da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!