Baluarten estreinatuko dute 'Artxipielagoa', kantua, bertsolaritza, musika eta irudia uztartzen dituen lan berritzailea

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 23a, 10:43

Apirilaren 28an izango da ikuskizun hori, Baluarte Fundazioak antolatuta eta Nafarroako Gobernuak babestuta, Euskarabidearen bitartez.

Artxipielagoa da ikuskizun berri eta berezi horren izena; kantua, bertsolaritza, musika eta proiekzioak uztartzen ditu lehen aldiz, eta eszenatoki berean elkartuko ditu Ainhoa Garmendia sopranoa, Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez akordeoi- eta txelo-jotzailea, Garikoitz Mendizabal txistularia, German Ormazabal piano-jotzailea eta Belen Ibarrola arte-zuzendaria. 

Baluarte Fundazioak antolatu du ikuskizuna, eta Euskarabidea Euskararen Nafarroako Institutuak babestu du, herri-kantutegia eta familian eta lagunartean abesteko tradizioa berreskuratzeko helburuz. Apirilaren 28an estreinatuko dute, 20:00etan, Baluarteko Ganbera Aretoan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 euroren truke.

"Artxipielagoa" ikuskizunak diziplinen arteko nahasketa proposatzen du, abesti klasikoak eta modernoak elkarrekin batasun perfektuan bizi diren nahasketa; "musika-uharteak", oso bestelakoak bata bestearengandik, baina elkarrekin kultura-artxipielagoa osatzen dutelarik, eta publikoaren parte-hartzea ikuskizunaren funtsezko elementu bihurtzen delarik. 

Horrela, Andoni Egaña bertsolariak inprobisatu egingo du, eta musikaren "topaketa" honetan bat egiten duten uharte eta artxipielagoei buruz hausnartuko du. Ainhoa Garmendia sopranoak, German Ormazabal piano-jotzaileak, Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Pello Ramirez txelo- eta akordeoi-jotzaileak lagunduta, abesti-egitarau heterogeneoa interpretatuko du; hala nola, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Oskorri eta Ken Zazpiren herri-kantak, bai eta Jesus Guridi, Tomas Garbizu eta Jose Maria Iparragirreren konposizioak ere.

Hori guztia, arte-zuzendariak "Artxipielagoa" ikuskizunerako propio sortu dituen irudi- eta bideo-proiekzioekin aberastuta eta osatuta.

Baluarten estreinatuko da lan berri hori, eta 14 emanaldiz osatutako bira egingo dute ondoren, euskal hiriburu guztietan eta Nafarroako eta Euskadiko udalerri askotan, 2017. eta 2018. urteetan zehar.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!