Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, gaur arratsaldean inauguratu du Gela bat ez da etxe bat erakusketa, Iván Benítezen 16 argazkiz osatua. Elkarri Lagunza elkarteak, Hipotekek eta Maizter Kaleratzeek Eragindakoen Plataformarekin lankidetzan, “bizileku duin baten premia duten familienganako elkartasuna eta babesa indartzen” lagundu nahi du erakusketa horren bitartez.
Parlamentuaren egoitzako atarian egin da inaugurazioa, eta bertan izan dira Isabel Aranburu, Virginia Alemán (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu) eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu) Parlamentariak.
Erakusketari hasiera emateko hitzaldian Ainhoa Aznárezek azaldu duenez, helburua da “gogoeta eragitea Iruñeko, Nafarroako eta Estatu osoko biztanle askok, hainbeste aldarrikatzen den Konstituzioak berak agindutakoaren aurka, pairatzen duten eskubide-urratzeari buruz”.
Horren haritik, “etxebizitza duin eta egokia edukitzeko eskubidea” gauzatzea eragozten duten oztopoak kentzeko betebeharra gogoraraziz, lehendakariak “lurzoruaren erabilera interes orokorrari begira arautzeko” deia egin die botere publikoei. “Espekulazioa galarazi behar da, eta pertsonen duintasunerako parametro egokien barnean ezarri behar dira biziegokitasun-baldintzak”.
Luisa Jusue Hipotekek eta Maizter Kaleratzeek Eragindakoen Alde Zaharreko Plataformako kidea eta gizarte-langilea da. Esan du behar-beharrezkoa dela “agerian jartzea ahalmen ekonomiko urriko gero eta gizabanako eta familia gehiagok jasaten duten egoera, ohiko bizilekua metro karratu gutxi batzuk dituen gela bat izatera kondenatuak baitaude. Pilaketa hori, maiz norberarekin inolako loturarik ez duten pertsonekin bizilekua partekatu behar hori, ez da gizarte moderno bati dagokion egoera”.
Ondorioak “guztiz kaltegarriak dira, bizitzako beste arlo garrantzitsu batzuetan ere eragiten baitute: osasunean, garapen pertsonalean eta, haur eta nerabeen kasuan, ikaskuntzan”.
Gela bat ez da etxe bat erakusketarako Iván Benítezek egindako argazki sortan islatu da 10 metro karratutan bizi beharra duten pertsonen eta familien muturreko egoera premiatsu eta larria. Gizarte, ekonomia eta etxebizitza arloetako bazterkeria hirukoitzaren ondorio den gabezia horren irudiek gela berralokatuetako unibertso intimora garamatzate.
Erakusketa jendearentzat zabalik egonen da Parlamentuaren egoitzako atarian martxoaren 31ra arte, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara bitartean eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara bitartean.