Osasunbidearekin kontent daude herritarrak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 22a, 08:01

> 10 puntutik 7,29 eman diote Osasunbideari. 
> Kezka gehien itxaron zerrendek sortzen dituzte. 

CISek eta Osasun Ministerioak egindako galdeketaren emaitzak eman ditu Osasun kontseilari Fernando Dominguezek. Itxaron zerrendak dira kezka gehien sortzen dizkietenak herritarrei. Nafarroan egindako Osasun Barometroaren emaitzetan horrexek izan du puntuariozik negatiboena.

Espainiako erkidegoekin alderatuta, nafarrak kontent daudela osasun zerbitzuarekin oro har. 10 puntutik 7,29 eman diote Osasunbideari eta Espainiako bataz bestekoa 6,5 da. Nafarroan herritar gehiago dira osasun zerbitzu publikora joko luketenak pribatura baino, eta Espainiako erkidego askotan ez da hala gertatzen.

Lehen postua da Nafarroarentzat ere familia arretan eta pediatrian, bigarren postuan geratu da arreta espezializatua.

Daturik okerrenak, lehen esan bezala, itxaron zerrendetan bildu dituzte. Galdeketa erantzun dutenen artean %33,8k uste du azken urtean okerrera egin duela itxaron zerrenden egoerak; %11k uste du hobera egin duela.

Hobetzeko ardura hartua

Itxaron zerrenden egoera makur hori zuzentzeko neurriak hartzen hasiak direla gogorarazi du Dominguezek. Horretako profesionalak kontratatu dituzte, baliabideak hobeki kudeatu eta erabiltzen ari dira eta telemedizina gero eta gehiago erabiltzen ari dira.

Ospitalizazioaren erosotasunean ere hobekuntzak egin behar direla ondorioztatu daiteke galdeketa horren emaitzatik eta lan horretan murgilduak daudela iragarri du, datozen hilabeteetan planaren berri emateko moduan izanen direla. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!