Eremu ez-euskalduna txikitze bidean

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 20a, 09:25

> Eremu ez-euskalduna utzi eta mistora pasa nahi dute 28 udalerrik. 
> Hizkuntz eskubideak "ziurtatuagoak" izanen dituzte Administrazioarekin dituzten harremanetan.

Vascuencearen Legeak ezartzen dituen eremuetan aldaketak iritsiko dira. Eremu ez-euskalduna uzteko eskaera egin dute 28 udalerrik. Eremu mistora pasatzeko nahia da, finean, hizkuntza eskubide gehiago izanen dituzte. Udalerri horietako osoko bilkuretan onartu dute eskaera egitea, edo datozen egunetan aztertuko dituzte, eta hala, Parlamentuari igorriko diote. Gobernua babesten duten lau alderdiek Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aldaketa babestuko dutenez (aldaketarik ez bada euren jarreretan), eremu mistoak herri gehiago izanen ditu. Lege proposamena dute lauek sinatua eta orain, zuzenketen bidez txertatu beharko dituzte eskaera oraindik egin ez duten herriak. 

Administrazioarekin herritarrek duten harremanean euskaraz egiteko aukera eskaintzen du eremu mistoak, besteak beste. Une hauetan 55 herri daude zonalde horretan. 2015ean D eredua Nafarroa osora zabaldu zen eta eremu aldaketa honek beste pauso bat ekarriko du hizkuntz eskubideei dagokienez. Aldaketa legal hori, udalerriek duten autonomian eta errealitatearen aldaketari egin beharreko moldaketan du oinarria. Gogoratu behar da Vascuencearen Legea 1986ean onartu zela. 

Udalerriek apirila erdialde arte dute aukera eskaera egiteko

Amaeskoabehea, Artazu, Anzin, Abaigar, Aibar, Kabredo, Zirauki, Mendigorria, Murieta, Mirafuentes, Villatuerta, Zuñiga, Allin, Aranaratxe, Arellano, Metauten, Uxue, Eulate, Gallues, Larraona, Erriberri, Zangoza, Tafalla, Tiebas, Beriain, Izagaondoa, Dikastillo eta Longida dira eskaera aztertzen ari diren udalerriak. Apirilaren erdialdera arte dute aukera Parlamentura eskaera egiteko. Lehenago euren udaletako osoko bilkuran gehiengoa lortuta. 

Legearen aldaketa txikiak urteotan

> 1986ean Vascuencearen Legea onartu zen. Nafarroa hiru zonaldetan bereizten zuen, batzuei eskubide batzuk ziurtatuz eta ez besteei. Eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna sortu ziren. 

>2010ean Aranguren, Belaskoain, Galar eta Noain eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasa ziren. 

>2015ean D eredua Nafarroa osoan eskaintzen hasi ziren. 

> Aurten eremu mistoa zabaltzeko eskaerak iristen ari dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!