Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren bidez, www.arreglandoelmundo.org web-orria aurkeztu die Nafarroako irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko 62 erakunderi. Web-orriaren xedea da ikasleen parte-hartzea sustatzea gizarte ekintzan, bai eta bera barne hartzen duen sentsibilizazio kanpaina ere. Zehazki, webguneak elkarteetako boluntariotza beharrak biltzen ditu, eta oro har unibertsitateko komunitatearen eta bereziki ikasleen eskura jartzen ditu, haietako batean parte hartzeko aukerak kontsulta ditzaten.
Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak garatutako sentsibilizazio kanpaina zabal baten barruan dago proiektua, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntza dauka. Kanpaina horren barruan zenbait ekintza daude, hala nola dibulgazio materiala banatzea, edo gizarte-ekintzetan parte hartzeko aukera ikasgeletan ezagutzera ematea. Horretarako irakasleen laguntza izango dute. Bai kanpaina bai web-orria gaur, osteguna, martxoak 16, ezagutarazi dizkie erakundeei Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak. NUPeko Gizarte Ekintzarako Unitateak webgunea eguneratuta edukiko du erakundeek jakinarazten dituzten beharrekin.
Wegunea sortu da gune bakar batean boluntariotza-aukera guztiak jasotzeko beharrari erantzuteko, eta aukera ematen du ikasleen behar ohikoenen arabera iragazteko. Horrela, web horrek aukera ematen du Nafarroako hiriburuko auzoen eta guneen (Iruñea eta toki-erakundeak) arabera bilatzeko. Aukera dago, halaber, hauen arabera iragazteko: prestasuna, interes arloak eta eman nahi den laguntza zehatza, edo baita zuzenean erakundearen bidez bilatzea ere. Hala nahi duten erakundeak ere gehitu daitezke datu-base honetara.
Unibertsitateko Boluntariotza Programa
Gaur goizean egindako bileran aipatu da, halaber, Unibertsitateko Boluntariotza Programa. Programa horrek inguratzen duen gizartearen kide aktibo izatea ahalbidetzen dio Unibertsitateari, haren baliabide, zerbitzu eta pertsonak eskaintzeko. Haren bidez parte-hartze aktiboa, konpromisoa eta gizartearekiko erantzunkidetasunaren eta komunitatearekiko zerbitzuaren kultura bat sustatu nahi ditu NUPek.
Halaber, azaldu dute programa honen helburuak bat datozela Nafarroako Unibertsitate Publikoaren IV. Plan Estrategikoarekin. Hain zuzen, planaren leloa da “Pertsonak prestatzen, gizartea eraikitzen”, eta ikasleak modu integralean prestatzeko garrantzia nabarmentzen du, hots, ez bakarrik ezagupenetan, baizik eta balio, gizalegezko bizikidetza eta herritarren erantzukizunean ere bai.