Zoru klausula medio, gora egin dute bankuekin lotutako kexek

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 16a, 08:59

Argazkia: Iratxe kontsumitzaileko kideak, inkesta aurkezteko prentsaurrekoan.

Iratxe kontsumitzaile elkarteak adierazi du jasotzen dituen erraklamazioen %50 daudela bankuekin zerikusia duten gaiekin zuzenki lotuta. 

Zoru klausula dela medio, gora egin dute bankuekin lotutako kexek azken hilabeteotan, gehiengoa izatera iritsita. Halaxe adierazi du Iratxe kontsumitzaile elkarteak. Egun jasotzen dituen erraklamazioen %50 daude gai horrekin zuzenki lotuta. Manuel Arizkun Iratxeko presidenteak azaldu du bankuek "traba gehiago" jartzen dituztela eta horregatik epaitegietan bukatzen dutela "auzietako asko".

Kontsumoaren inguruan egin duen inkesta aurkeztu du Iratxek: horren arabera, etxebizitza eta "ekonomia gastuak", alegia, hipoteka, argia gasa eta eguneroko erosketak, dira erosleak "gehien" arduratzen dituzten gaiak.  Arizkunek azaldu digu.

Datuak xehe-xehe

%47k esan dute etxebizitza dela "buruhauste gehien" ematen diena eta argia eta gasa, %44k; %21k, aldiz, naturaren egoera dela eta azaldu da kezkatuta.

Kexa kopuruari dagokionez, 130.291 erreklamazio izan dira Nafarroan; Iratxe kontsumitzaile elkartean, horietatik, 42.000. Gehienak, %38, telefonia eta Internet sektoreekin lotuak. Hau da, hamar nafarretatik batek kexa jarri du telefono edota sareko zerbitzu eskasa medio. Arizkurenek esplikatu du ez dela "zerbitzu ona" eta konpetentzia ez dagoela "ongi erregulatuta.”

Bestelako datuak ere eman dituzte, esaterako oso ongi baloratutako sektore eta produktuei dagokienez, betiko dendak eta farmaziak aipatu dituzte kontsumitzaileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!