Bi gazte etxetik kaleratu ditu gaur Iruñeko Udaltzaingoak, Txantrea auzoan. Caja Españarena den etxebizitza batean bizi ziren, orain dela urte eta erdi inguru, izan ere, bankuak hutsik zeukan higiezina. Epaitegietara jo du bankuak eta hutsarazte aginduarekin azaldu dira agenteak etxebizitzan.
Iza Zendea kalean dago pisua, eta gaur goizeko 07:00ak aldera sartu dira udaltzainak, gazteak botatzeko. Atxilo hartu ez badituzte ere, epaitu eginen dituzte, apirilaren 11n, hain zuzen ere.
Kaleratu bitartean, etxetik jaisterako 08:15ak inguru ziren arren, makina bat auzokide batu dira gazteei elkartasuna adierazteko asmoz.
Emantzipazio Bulegoaren babesa
Txantrean Emantzipazio Bulegoa sortu zuten orain urte batzuk, aholkularitza juridikoa eta teknikoa eskaintzen dituen egitura, eta, beraz, antolatutako sare bat existitzen da etxebizitzaren aldeko mugimenduan.
Kaleratzearen ostean, auzo batzarra deitu du Txantreako Emantzipazio Bulegoak. Gaur izanen da, arratsaldeko 18:00etan, Auzotegin.