Larunbateko istiluen kontrako bi deklarazio onartu ditu Nafarroako Parlamentuak, bakarra adostu ezinda: batetik, Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek aurkeztutakoa: larunbateko gertakarien aurrean, "gaitzespena edota arbuioa" adierazten du testuak. Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren babesa jaso du adierazpen horrek, eta kontra bozkatu dute UPNk eta PPk.
Hala, bestetik, UPNk eta PPk deklarazio propioa idatzi dute: gaitzespena agertzeaz gaindi, "ezker abertzalearekin loturiko kaputxadun taldeek kale terrorismoa" egin zutela dio popularren eta erregionalisten testuak. Gainontzeko taldeek adierazpen horren bost puntutako hiruri baino ez diete babesa eman. "Ezker Abertzalea" termino liskarrekin lotzea, gainera, desegokitzat hartu dute UPNk eta PPk ez beste denek.
UPN, kontraesankor
Kuriosoa da UPNk hartutako jarrera: kontraesankorra. Izan ere, gaur parlamentuan laukoak eta PSNk onartutako deklarazioa Iruñeko Udalean adostutako berbera da; UPNk udalean gainontzekoekin bat egin zuen. Gaurkoan, ordea, jarrera aldatu eta adierazpen horrek dioena "aski" ez dela ziurtatu du. Ondorioa: ezberdin jokatu duela instituzio batean eta bestean.
Gordin mintzatu da UPNko Javier Esparza. Amnistia eta Askatasunaren idazkia irakurri du mahai eta eledunen batzarraren ostean, Nafarroako Parlamentuan, kritiko, eta EH Bildurengana zuzendu da, esanez koalizioaren ardura dela "gisa horretako liskarrak moztea": "Nafarroan kale borroka egin izan duena EH Bildu izan da", esan du.
Lauko gobernuko kideak, bat
Lauko gobernua sostengatzen duten taldeei dagokienez, "penatuta" azaldu dira, Nafarroako Legebiltzarra ez baita "gai" izan gertatutakoa aho batez errefusatzeko. Geroa Baiko parlamentari Koldo martinezek irmo jo du UPNren aurka: "itsukeria politikoz" aritzea egotzi dio, "alderdikeria"
EH Bilduk, halaber, "gertakariak eta istiluak" arbuiatu egiten dituela zehaztu du. Adolfo Araiz izan da koalizazioaren bozeramaile, eta "biolentzia tresna politiko gisa" ezin dela erabilli defendatu du.