Lau gazte atxilotu zituzten istiluetan, Espainiako Poliziaren esanetan lauak Errenteriakoak. Manifestazioa San Frantzisko plazatik abiatu zen 18:30ak aldera. San Nicolas kaletik Gazteluko plazara abiatu behar zuenean Espainiako Poliziarekin egin zuen topo manifestazioak eta istilu gogorrak izan ziren manifestazioko gazte eta polizien artean. Honako taldeek sinatzen zuten manifestaziorako deialdia: Hirekin, Errotxapeako Gaztetxea, Alde Zaharreko gazteak, Indar Gorri, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimendua eta Ikasle Abertzaleak.
Hainbat edukiontzi bota zituzten gazteek, haien artean beira biltzekoak eta harri, botila, zuriri eta bengalak jaurti zizkieten poliziei. San Nicolas, Mercaderes, Txapitelan eta Xabierreko jaitsieran izan ziren istiluak batez ere. Kale hauetako hainbat taberna eta denda itxi zituzten istiluek irauten zuten bitartean. Ikusle asko pilatu zen kaleetan, besteak beste smartphone eta kamerekin gertaerak grabatzen.
Iruñeko Udalak gogor kritikatu ditu gertaerak
Iruñeko Udalak gertaerak gaitzetsi ditu. Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek ere bai, besteak beste EH Bilduk: “EH Bilduk modu irmoan gaitzesten du gaur arratsaldean Iruñeko kaleetan gertaturikoa. Halako gertaerek gizartearen gehiengoak aukeratutako bidea oztopatzea dute helburu, alegia, bakea, elkarbizitza eta normalizazio politikoa. EH Bilduk argi eta garbi berresten du bere konpromisoa bide demokratiko eta erabat baketsuekiko, herri subirano bat lortzeko bidean. Beraz, helburu politikoetarako indarkeriaren erabilpena guztiz gaitzesten dugu”.
Ernaik kaleratutako oharrean, “Iruñean “Errepresioari autodefentsa” dinamikak burututako manifestazioko gertakarien harira, irmoki salatu nahi dugu beste behin ere poliziaren jarrera bortitza”. Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi zien atxilotuei eta haien askatasuna eskatu zuen. Azken boladan jasaten ari den errepresioaren aurkako kanpaina barrukoa zela atzoko manifestazioa eta harekin batera 17 hitzaldi eta beste bilkura bat ere egin direla azaldu du. EH Bildu gogor kritikatu du, honek gertaerez eman duen gaitzespenagatik eta Podemosi leporatu ohi dion bezala, hau ere "borrokarako grina leundu eta adi beltzak instituzio faxisten artaldera bideratze aldera jaio zela”.
Ahotsa.inforen bideoan ikus daitezke manifestazioaren hasiera eta istiluetako batzuk.
Máxima preocupación x los lamentables sucesos de hoy. Hemos comenzado a limpiar las zonas afectadas. Mi solidaridad con vecinos y hosteleros
— Joseba Asiron Saez (@josebaasiron) 11 de març de 2017