Atzoko osoko bilkuran Tafallan onartu zen EH Bildu, Izquierda-Ezqkerra eta Iniciativa por Tafalla taldeek aurkeztutako eremu mistora pasatzeko mozioa. UPNk eta Alderdi Sozialistak aurkako botoa eman zuten.
Modu berean Zangozan APS taldeko 6 bozka eta EH Bildurebn 2ak jaso zituen proposamenak.
Bere aldetik, Uxueko udalean Nafarroako Gobernuari eremuz aldatzea eskatzen duen mozioari argi berdea eman zioten otsailaren 14an. Ruben Sanchez alkateak “La Voz de la Merindad” aldizkarian adierazi zuen bezala eskaera hau erabat zilegia da: “Uxuen euskara bertako hizkuntza izan da, gaztelaniarekin batera, duela denbora gutxira arte. Horregatik eta justizia historikoagatik, XXI. mendean behar duen tokia itzuli nahi diogu euskarari.”
2015eko abenduan udalak onartu zuen herriaren izendapen elebiduna. Era honetara Uxue izena berreskuratu zuten, 1862ra arte agirietan, parrokiako zigiluetan eta XX. mendera arte udaletxean erabilitako bakarra, Mikel Burgui eta Regino Aiesa Uxuezaleak Kultur Elkarteko kideek ikerlan batean azaltzen zuten bezala.
La Voz de la Merindad aldizkariaren arabera Erriberriko udalean ere bide beretik etor daiteke eremuz aldatzeko eskariaren onarpena oraindik data finkatu gabe daukan hurrengo osoko bilkuran.