Altsasuko auzia terrorismo gisa epaitzeko eskatu du epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak amaitu du Altsasun urriaren 15ean izandako liskarraren sumarioa, eta Zigor Aretoaren esku utzi du auzia, hark erabaki dezan ahozko epaiketa egin edo ez. Hiru gazte daude preso. Lamela epailea bat dator fiskalarekin, eta uste du Altsasun urrian gertaturikoa terrorismo gisa epai daitekeela eta Zigor Kodearen 573. artikuluarekin bat datorrela. Lamelaren iritziz, bi guardia zibilen eta horien bikoteen "osotasun fisikoaren eta askatasunaren aurkako eraso larria" egin zuten auzipetuek, "ordena konstituzionala nahasi eta biztanlerian edo horren zati batean terrore egoera sorrarazteko"
Hain justu, terrorismo delitutzat ez hartzeko eskaera egin dute kultur arloko eta gizarte mailan ezagunak diren herritarrek eta hala, elkartasuna adierazi diete auzipetu eta senitartekoei. Adierazpen bateratua egin dute. Proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioak lehenetsi daitezela eta terrorismo-delituaren kalifikazioa ezabatzea eskatu dute herritar horiek.
Tartean daude Pako Etxeberria forensea, Patxi Zabaleta Aralar alderdiko kidea, Benito Lertxundi kantaria, Sagrario Aleman Euskaltzaina, Martxelo Otamendi Berria Egunkariko zuzendaria, Iñaki Soto Garako zuzendaria, Joseba Santamaria Diario de Noticias egunkariko zuzendaria, Castillo Suarez idazlea, EITBko Arantxa Iturbe eta Mikel Reparaz eta gure lankide Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta.