Nafarroako Euskararen Plan Estrategikoa onartu da

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 25a, 18:06

2016-2019 eperako onartu den planak euskararen "irudi baikorra" zabaldu eta “Nafarroa osoan euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea herritar guztiei bermatu” nahi diela azaldu du Ana Ollo kontseilariak.

Nafarroako Gobernuak 2016-2019 aldirako Euskararen I. Plan Estrategikoa onartzen duen Akordioa lortu du gaurko saioan; plan hori ezarrita, Gobernuak "erantzun egokia" eman nahi dio "herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubideari"; halaber, hori lortzeko, "beharrezko tresnak definitu eta babesteko eta garatzeko neurriak" hartu nahi ditu.

Egitasmoak zazpi ardatz ditu: erabilera soziala, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, prestigioa eta erakargarritasuna, motor ekonomikoa, hizkuntza esparrua eta Euskarabidearen barne kudeaketa.

Lehenengo sei ardatzak hartuta, Plan Estrategikoak sei helburu orokor jasotzen ditu, berariazko 29 helbururekin. Helburu horiek 173 ekintza zehatzetan garatzen dira, 68 esparrutan. Euskarabidearen barne-kudeaketak, bere aldetik, 17 barne-ekintza jasotzen ditu.

Plana euskarari buruzko 18/1986 Foru Legean eta Eremu Urriko Hizkuntzen Kartan oinarrituta dago. Programa akordioan hartutako konpromisoetan ere oinarritzen da agiria.

Ollok aditzera eman duen bezala“Nafarroako errealitate soziolinguistiko guztietara egokituko den eta herritarren askatasuna eta borondatea errespetatuko dituen” plana da. Kontseilariak azpimarratu duenez "euskarari buruzko eta euskarak Nafarroako gizartean hartzen duen lekuari buruzko paradigma berria" proposatzen du planak. Azaldu duenez, diagnostikoak "agerian utzi du zein diren herritarren beharrak, euskarara iristeko gabeziak daudela eta zenbait esparrutan hizkuntzaren egoera lehenbailehen hobetu beharra dagoela". Horri erantzuteko, eredu berri batean egituratuko da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika; "beharrezkoa da eredu hori planifikatzea, lehentasunak zein diren adieraziz eta erabilgarri dauden baliabideak kudeatuz", Olloren iritziz.

 

Parte-hartze prozesua

Nafarroako Gobernutik aditzera eman duten bezala “2015-2019 legealdiko Programa-akordioak Plan Estrategiko errealista, egingarri eta eragingarria diseinatzeko konpromisoa jasotzen du, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren oinarri izanen dena.”

Plana parte-hartze prozesu baten bitartez egin da; joan den abenduan aurkeztu zituzten prozesu horren ondorio nagusiak Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak. Ondorio horien artean, azpimarratzekoa da euskara administrazioan eta hezkuntza-eskaintzan sustatzeko beharra. 259 ekarpen jaso ziren guztira; horietako gehienak, 154, urrian eta azaroan Gobernuaren euskararen inguruko estrategia ezagutarazteko eta herritarren eta inplikatutako sektore eta organizazioen proposamenak eta ekarpenak jasotzeko antolatutako lurraldekako eta sektorekako batzarretan jasotakoak. Gainerako 66 proposamenak Gobernu Irekia Atariaren bitartez jaso dira; 38 posta elektroniko bidez bidali zaizkio Euskarabideari, eta bat erregistro ofizial batean entregatu da. Gainera, lurralde saioak egin dira Nafarroako sei udalerritan; besteak beste, eskualdeetako hautetsiek, teknikariek, hizkuntza- eta kultura-eragileek izan duten horietan parte hartzeko aukera. 80 lagunek hartu dute parte guztira saio horietan, Iruñean, Tafallan, Leitzan, Zangozan, Lizarran eta Tuteran. Eta sektorekako batzarrak ere egin dira, guztiak Iruñean; 44 lagunek hartu dute parte, euskararen, hezkuntzaren, zerbitzu publikoen, kulturaren, kirolaren, IKTen eta Sozioekonomiaren esparruetakoak.

Joan den urtarrilaren 19an, Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez onartu zuen euskara Nafarroaren ondare gisa bultzatzeko eta euskara politizatzearen aurkako adierazpena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!