'Kattalingune' aurkeztu dute, Nafarroako LGTB zerbitzua

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 11a, 07:43

Argazkia: 'kattalingue' gunearen aurkezpena. / @kattalingune

Nafarroako Berdintasun Institutuak lagunduta, aholkularitza eta arreta zerbitzuak eskainiko ditu: besteak beste, elkar laguntza taldeak eta salaketa zerbitzua.

"Egonen al da inor nire egoera berdinean? Zergatik esaten du nire alabak mutila dela? Trans naizela esaten badut, lanetik botako naute? Non ezagutu ditzaket emakume lesbianak? Nola esango diot familiari gay naizela?". Galdera horiek mahai gainean jarri eta erantzunak eta irtenbideak eman nahi ditu Kattalingune LGTBIQ+ kolektiboari zuzendutako guneak. Gaur aurkeztu dute, Nafarroako Berdintasun Institutuaren laguntzarekin.

Profesionalki eginen du lan eta doako zerbitzua eskainiko du, Nafarroa osoari zuzenduta. Informazioa, aholkularitza eta laguntza ematea da asmoa.

Zerbitzua: anitza eta zabala

Askotarikoak izanen dira erabiltzaileen eskura jarriko dituen baliabideak: aholkularitza sexologiko eta juridikoa, elkar laguntza taldeak, salaketak egiteko aukera, aisialdi proposamenak, informazioa eta arreta...

Kattalingorri elkarteak urteak eman ditu gisa honetako zerbitzuak eskaintzen, baina orain, lehenbiziko aldiz, insituzioen babesa izanen du: elkarlan horren emaitza da Kattalingune zerbitzua.

Egoitza, Abejeras kaleko 41. zenbakian dute, eta sarean ere presente daude jada: @Kattalingune erabiltzailea dute, Twitterren; eta kattalingune.org da martxan paratutako webgunea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!