"Terrorismoa" izan zen Altsasun hainbat herritar eta bi Guardia Zibil eta beren bikotekideen artean gaurko ordu txikitan izandako liskarra, eta altsasuarrak izan ziren "erasotzaileak", Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren arabera. Atzo, "gorroto delitua" izan zela esan zuen Guardia Zibilaren txostenak. Ez dago jarraibide argirik, beraz; eta, horren atzean, gakoa: zeinek eramanen ote duen kasua, Auzitegi Nazionalak ala Iruñeko Instrukzio Epaitegiak.
Guardia Zibilaren txostenean azaltzen denez, "kontraesanak" daude Guardia Zibilek emandako bertsioen artean.
Eskuina, Barkosen iritziaren eskean
Uxue Barkos presidenteak eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak parlamentuan agerraldia egin eta azalpenak eman ditzaten eskatu dute UPNk eta PPk; are xeheago: "erradikal abertzaleek Guardia Zibilaren bi kideri egindako erasoaldiaren inguruan" mintza daitezen nahi dute.
UPNk Olloren agerraldia eskatu du; Barkosena, PPk. Biek ala biek, gainera, zalantzan jarri dute Geroa Baik Bildurekin harremana izatea, Altsasuko erasoa "esplizituki" gaitzesten ez duenean.
EH Bildurekin politikan ez aritzeko eskatzea "iraganeko garaietara bueltatzeko modua" baino ez da, Barkosen irudiko.
Herritarrek dena "polizia muntaia" izan dela argi dute.