Benetako suarekin ariko da Espainiako armada Bardean aste honetan, eta hori gaitzesteko kaleak hartu dituzte Erriberako biztanleek, Bardea herriarentzat lelopean. Eta ez da errebindikazio bakarra. Izan dute beste aldarri bat ahoan: 2018an amaituko da Espainiako armadari Bardean maniobrak egiteko baimena ematen dion hitzarmena; data gertu dagoela aintzat hartuta, ez berritzeko galdegin diete instituzioei.
Bide horretan, Nafarroako parlamentuak ere eskatu du militarren jarduna bertan behera uzteko.
Irailaren 27an eta 28an maniobrak eginen ditu Espainiako armadak Bardean, suarekin gainera, Espainiako Barne Ministerioak hala baimenduta. Erabakia kritikatu dute 'aldaketaren gobernua' osatzen duten lau indarrek, eta kontra bozkatu dute parlamentuan; PSNk, UPNk eta PPk alde egin dute, berriz.
Hala, "premia larriz" Bardeako tiro poligonoa desegiteko eskatu dio parlamentuak Espainiari, eta bere egin du, halaber, Bardea militarizatzearen kontrako aldarria. "Poligonoraka eta su praktikak zein bonbardaketak egiteko bideratutako baliabide ekonomikoak gizarte gastuetan eta langabeziaren kontrako neurrietan gastatu daitezela" aldarrikatu du legebiltzarrak, halaber.