Irailaren 27an eta 28an maniobrak eginen ditu Espainiako armadak Bardean, suarekin gainera, Espainiako Barne Ministerioak hala baimenduta. Erabakia kritikatu dute 'aldaketaren gobernua' osatzen duten lau indarrek, eta kontra bozkatu dute parlamentuan; PSNk, UPNk eta PPk alde egin dute, berriz.
"Premia larriz" Bardeako tiro poligonoa desegiteko eskatu dio parlamentuak Espainiari, eta bere egin du, halaber, Bardea militatzearen kontrako aldarria; Tuteran, larunbatean, manifestaziora deitu dute Erri Bera hautagaitza ezkertiarra osatzen duten alderdiek, militarren presentziari aurre egiteko, eta mobilizazioari sostengua aurkeztu diote.
"Poligonora eta su praktikak zein bonbardaketak egitera bideratutako baliabide ekonomikoak gizarte gastuetan eta langabeziaren kontrako neurrietan gastatu daitezela" eskatu du parlamentuak.