Polizia Legea "20 urtean lehenengo aldiz" berraztertu du Nafarroako Gobernuak, Barkosek azaldu duenez, eta urak nahasi egin dira: 30 goi karguk postua utziko dutela iragarri dute, urrian indarrean sartuko den dekretuak soldatak jaistea jasotzen duelako.
Urtarrilean zen aplikatzekoa neurria, baina parlamentuak urrira arte atzeratu zuen. Horregatik, bitartean, sindikatuekin eta ordezkariekin bildu ziren gobernuko partaideak, "ahalik eta adostasun handiena" lortzeko.
Hori kontuan izanda, hilak 2 zituenean 30 buruk dimisioa aurkeztea "ez da onargarria", Barkosen hitzetan; aurretik ere denbora izan dutelakoan dago, eta formak gustuko izan ez dituela utzi du argi. Kexu azaldu da, gainera, gaia "gobernuari eskaeraren berri izateko denborarik utzi gabe, hedabide guztietako titularretan" zegoelako.
Hala, iragarri du exekutiboa aztertzen ari dela dimisio eskaera horiek zigorrik ekarriko ote dieten 30 kargu horiei.