31,3 milioi euroko aurrekontua izanen du Foruzaingoak, aurreikusi bezala, baina zenbait soldaten kantitatea aldatuko da, karguen aldeko "aldea" berdintze aldera. Harrabotsa entzun da, kexatu egin baitira zenbait buru; are gehiago, 30ek dimisio aurkeztu dute. Dena dela, jada erabaki du Nafarroako Gobernuak: Polizia Legea urriaren 1ean sartuko da indarrean eta Foruzainen soldatak gainontzeko funtzionarioen soldatarekin berdinduko du.
Parlamentuak onartu zuen 15/2015 neurria, apirilean, PSNk bultzatuta. Babesa eman zioten EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Geroa Bai, aldiz, abstenitu egin zen; PPN eta UPN kontra azaldu ziren.
Zer aldatuko da?
Oraindik zirriborro bat baino ez da Polizia Legea; zirriborro hori aski izan da, baina, hautsak harrotzeko. Zenbait lanaldi moldatzea eta soldata aldaketak proposatu ditu: 796 agenteri handitzea du xede eta murrizketak egitea 266ri. Soldata handitzeak 2 eta 1.559 euro artekoak izanen dira, sailaren eta kategoriaren araberakoak; jaitsierak, berriz, 66 eta 4.447 euroak. Horren aurrean, 30 foruzainek postuari uko egin diote. Beaumontek, ordea, halakorik ez dela gertatuko esan du.
Kontseilariak argitu du 30 pertsona horiek ez diotela beren lan zereginei iskin eginen, baizik eta postu berriak hartzeari. "Lasaitasuna lortzen dugu edo ez da erraza izanen", zehaztu du.
"Gastu bat dago gobernuak Foruzaingoari ordaintzeko daukan portzentajean, eta hori birbanatu behar da; beraz, ondorioztatu daiteke foru polizien soldatak jaitsiko direla". Kontseilariarenak dira hitzak.