Iruñea, Donostia eta Baiona lotuko dituen txirrindulentzako bidea eraikiko dute 2019rako

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 8a, 08:33
Argazkia: Txirrindulariak, Plazaolako bidean.

Hiru probintziak lotuko ditu Ederbidea proiektuak: jada existitzen diren bidegorriak aprobetxatzeaz gain, berriak eraikiko dituzte.

Pedalei eragin eta Iruñea, Baiona eta Donostia zeharkatu ahalko dira 2019an. Ordurako prest egonen da Ederbidea proiektua, Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa lotuko dituen txirrindula ibilbidea. Europar Batasunak %65ean finantzatuta, "bizikletaren erabilera sustatzea" du xede.

240 kilometro. Hori da txirrindula gainean egin daitekeen distantzia. Bidasoa eta Plazaolako bide berdeak elkartuko dituzte Iruñetik Beraraino (42 kilometro) eta Irurtzundik eta Iruñera (25 kilometro) .

"Mugaz gaindiko harremanak indartu eta lankidetzan aritzeko gogoa dugu", esan du Florence Lasserre Pirinio Atlantikoetako kontseilaria, hiru probintzien arteko hartu emanak gogoan.

Proiektuaren helburuak hiru dira: bat, zirkulazioa arintzea; bi, kutsadura murriztea; eta hiru, osasuna zaintzea.

Nafarroan, bi zati

Nafarroari dagozkion zatiak berritzeko, 2,7 milioi bideratuko dituzte. Lehenik eta behin, Leitza eta Iruñea arteko bizikleta bide berriak sortzeari ekinen diote. Egun, Bertizko eta Plazaolako bide berdeak daude eta ibilbide berria egungoa halako bi baino gehiago izanen da.

Bidea egokitzeko obrez gainera, sentsibilizazio eta prestakuntzako ekintzak hartzen ditu barnean; horrekin batera, bizikleta bidezko mugikortasuna garatzea (bidegorriak, trafiko gutxiko bideak) eta zerbitzu osagarriak garatzea ere aintzat hartuko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!