Pobreziari aurre egitea da Bermatutako Errentaren lehentasun nagusia, Nafarroako Gobernuaren hitzetan. Aurreko astean aurrera ateratako neurriari esker 2.800 pertsona gehiagok laguntza eskatu ahal izatea espero du lauko gobernuak.
Oinarrizko Errentaren aldeko plataformak, aldiz, ez du bat egin Bermatutako Errentaren baldintzekin, positiboki baloratu badu ere pertsona gehiago laguntzea. Lehenik eta behin, akordio programatikoaren arabera, agintaldiko lehen sei hilabeteetan jarri behar zuen gobernuak indarrean. Eta ez du hala egin.
Gainera, Nafarroan bi urtez erroldatuta egotea da betebeharretako bat, eta, plataformaren aburuz, "behar larrian" dauden asko kanpo geratzea eragiten du. Horrez gain, 18 eta 24 urteko gazteek urtebeteko lan kontratua eta bi urtez etxetik kanpo bizitzea eskatzen die, eta horrek "ia ezinezkoa" egiten du gazte horiek laguntza eskatu ahal izatea.
655 eurokoa zen norbanakoentzako errenta orain arte; orain, 600 eurokoa izanen da. Plataformak dioenez, hori "ez da bide egokia".
Sarean osorik irakur daiteke plataformak kaleratutako agiria.