Bermatutako Errenta onartu du Nafarroako Gobernuak, premia larriena duten horien mesedetan, bereziki adingabeengan eta adinekoengan fokua jarrita. Hala, 2.800 lagun gehiagok eska dezaketelakoan dago.
Gizarteratze Errenta zenari hartuko dio lekukoa Bermatutako Errentak, zenbait aldaketarekin: jaso daitekeen zenbatekoa 655 eta 983 euro artetik, 600 eta 1.200 euro artera pasako da. Hala, jasotzaileen %80k gehiago jaso dezake, eta %20k gutxiago, 55 euro inguru galduko dituzte hilero; norbanakoak izanen dira kaltetuenak, familien egoera jarri baitute lehen lerroan.
Genero aldea nabari
Heldu batek eta adingabeek osatutako sendi unitate horiek laguntzea jo dute oso garrantzitsutzat. Eta ez da kasualitatea. Iaz, Gizarteratze Errenta jaso zutenen %38 adin gutxikoak ziren. Nabari da hor ere genero aldea: adingabekoak zaintzen, 3.891 ama zeuden eta soilik 492 aita.
Bestalde, 65 urtetik gorakoak ere erdigunean jarriko dituzte. Baldintza horiekin guztiekin, "malguagoa" izanen da Bermatutako Errenta.