Euskarari bide ematen segitzeko "gakoa" Gobernuak duela dio Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 10a, 13:25

Pasa den larunbatean Iruñean Kontseiluak deituta egin zen manifestazioak eta azken asteetan euskararen alde egin diren ekimenen balorazio baikorra egin du Kontseiluak.

Pasa den larunbatean Iruñean Kontseiluak deituta egin zen manifestazioak eta azken asteetan euskararen alde egin diren ekimenen balorazio baikorra egin du Kontseiluak, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio herritarrek egindako eskaera horri bidea emateko. Nafarroako Gobernuari dagokio fitxa mugitzea Kontseiluaren ustez.

Bide eman euskarari izan zen manifestazioaren leloa, eta milaka lagun bildu zituen. Euskaraz bizitzeko nahiak mugiarazi zituen herritarrak Kontseiluaren ustez. Orain, gogo hori, herritarren indarra gainerako zutabeak mugitzeko baliatu behar direla uste du.

Uxue Barkos presidenteak manifestazioaren harira Euskalerria irrati honetan esandakoak ere ongi baloratu ditu Kontseiluak; Lehendakariak esan zuen besteak beste, beharrezkoa zela manifestazioa, ongi dagoela euskararekiko asmoa kalean erakustea, eta eskertuta dagoela.

Bada, horiek entzunda, orain ekintzetara pasatzeko gonbita egin nahi diote Barkos eta elkarlanerako eskua ere luzatu diote. Zehazki Euskararen legearen dekretuak lehenbailehen bertan behera uzteko eskatu diote, eta plangintzari dagokionez, lan horretan hasi dela aitorturik, bidea elkarrekin egiteko proposatu dio eta baliabidez hornitzeko beharra ere nabarmendu du Kontseiluak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!