Gaur hasi dira selektibitateko probak. Azkenak izanen omen dira, heldu den ikasturtetik aurrera errebaliden bitartez eginen baitizkiete batxilergoko ikasleei kurtso amaierako probak. Hala, ostiralarte ariko dira 2.909 ikasle azterketak egiten: 2.128 izanen dira gaztelaniaz eginen dituztenak eta 781 euskarazko probak eginen dituztenak.
Bi fase ditu aurtengo selektibitateak ere. Alde batetik, fase orokorra izenekoa eta bestetik, espezifikoa. Ikasle gehienek bi faseak egin ohi dituzte, baina, badira bakar batzuk bat edo bestea bakarrik egiten dutenak ere.
9:30ean hasi da lehen proba. Gaztelania eta Literatura lehenbizi. 11:45ean Espainiako Historia edo Filosofiaren Historia dute. Arratsaldean Atzerriko Hizkuntzaren azterketa osatu beharko dute. Bihar, Euskara eta Literatura izanen dute hasteko (8:30ean), Biologia, Grekera eta Musika Analisia gero (10:45), Fisika eta Matematika Aplikatuak (13:00etan). Arratsalderako geratuko dira Ingurumen Zientziak eta Artearen Historia (16:30ean) eta Latina eta Marrazketa Teknikoa (18:45ean). Ostiralean amaituko dira probak. Matematika, Geografia eta Adierazteko Teknikak izanen dituzte lehen orduan (8:30ean), Diseinua, Kimika eta Musika eta Dantzaren Historia (10:45ean), Elektronika, Ekonomia eta Ikusentzunezko Kultura (13:00etan) eta Literatura Unibertsala, Industria Teknologia eta Marrazketa Artistikoa (16:30ean).
Ekainaren 15ean argitaratuko dituzte azterketen emaitzak eta ikasleren batek berrikusi nahiko balu probaren bat, eskaera egin beharko du 17tik 20ra eta aukera izanen du horretarako. Gainditzen ez duenak bigarren aukera izanen du hil honen amaieran. Ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean izanen da.